Kultur-zale eta kultur-jale amorratua izaki, maiz-maiz ikusi ahal izan dugu Andoainen burutu izan diren edozein ekimenetan, beti alai, irribarrea ezpainetatik, nekez galdurik, eta gozatzen. Andoainen, kostata topatuko dugu Basteroko auditorioa, hitzaldi gela edo erakusketa gela Jonek bezainbatetan zapaldu duen herritarrik. Zinea, antzerkia, musika, opera… Zer ez zuen irentsi emakume honek!
Jone Aldazen familia asko sufritutakoa zen frankismoan, eta, besteak beste, haren oroimena aldarrikatzeagatik ere nabarmendu izan zen emakumea. Izan ere, bere aitona, Faustino Aldaz, Donostian erail zuten 1936ko urrian, Ondarretako kartzelaldia eta epaiketa fartsa jasan ostean. Mikaela Aldaz, izeba, epaiketa berean epaitu zuten; hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Saturrarango kartzelara bidali zuten. Aita, berriz, Errepublikaren defentsan Bizkaiko frontean jardun zuela-eta, langile batailoietan esklabu gisa jardun behar izan zuen.
Era horretan, Jone Aldazek frankismoko biktimen aldeko ekimen guztietan modu aktiboan parte hartu izan zuen, Banda Errepublikanoarekin kantuan nahiz biktimen aldeko omenaldi eta lore eskaintzetan. Bestalde, Oroituz elkarteak bultzatuta, eta, Udalaren babesarekin, Andoaingo herriak frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilarekin bat egin zuenean 2017an, kausa horretan pertsonatu zen biktimetako bat izan zen Jone Aldaz.
Kalean edonori diosala egiteko orduan, Jonek berak erabiltzen zuen formularekin agurtzea baino, zer egokiagoa: Agur Bihotza!