Tokiko merkatarien apustua, euskararen alde

Mikel Arberas 2022ko mar. 14a, 07:01

Idoia Bengoetxea AEKko irakaslea, Manoli Palacin (Gloss), Ana Sanchez eta Natalia Garcia (Cisneros), Francismer Ruiz (Francismer ileapaindegia), Marc Aira (Keinu), Alberto Cabezas (Larru-Txoko) eta Patxi Bergara (Ciclos Patxi).

Euskara Zerbitzuak martxan jarri zuen, iragan otsailaren 2an, merkatariak euskaraz ikasteko ekimena, euskara sustatu eta zerbitzu osatuago bat emate aldera. Zortzi dira euskara ikasten hasi diren merkatariak.

Euskara eta merkataritza uztartzeko ikastaroa martxan jarri du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Euskara Zerbitzuaren esanetan, bultzada bat eman nahi zaio sektoreari, eremu horretan ere euskararen normalizaziorako urratsak emateko. Horrez gain, ikastaro baliagarria izango dela aitortu dute herrian merkatari eta ostalariek zerbitzu “hobeagoa” eta “osatuagoa” emateko.

Jone Tolosa Euskaltegiko Zuzendariaren esanetan, ikastaroaren xedea argia da: “Bezeroekiko oinarrizko ahozko harremanetan euskara erabiltzeko trebatzea eta dendetan egon ohi den ageriko informazioa euskaraz sortzeko gaitasuna lortu behar dute”. Esanak esan, 60 orduko ikastaroa da honakoa, eta otsailaren 2tik maiatzaren 25era arte iraungo du. Asteazkenetan elkartzen dira merkatariak 14:00etatik 16:00tara. Idoia Bengoetxea da ikastaroko irakaslea: “Ahozko egoerak lantzen dira batez ere, baina oinarrizko idatziak euskaraz idazten ere ikasiko dute ikasleek. Hau da, merkatariek ulermena landuko dute, batez ere; bezeroek euskaraz egindako eskari errazak ulertzea da helburua”.

“Bezeroekiko oinarrizko ahozko harremanetan euskara erabiltzeko trebatzea eta dendetan egon ohi den ageriko informazioa euskaraz sortzeko gaitasuna lortu behar dute"
Jone Tolosa, AEK euskaltegia

Ikastaroko ikasleek ere badute zer esan, “oso ekimen interesgarria iruditu zaigu. Sarritan, hanka-motz ikusten gara, bezeroak euskarazko zerbitzua jaso nahi duelako eta ez garelako gai. Gure bezeroek eskubidea dute euskaraz artatuak izateko, beraz, aukera ezin hobea iruditu zaigu Udalak proposatutako ikastaroa”. Zortzi dira ikastaroan parte hartzen ari diren ikasleak; komertzio ezberdinetako langileak dira, hala nola bizikleta denda edota arropa denda, beste batzuen artean. Batzuetan, eguerdietan, euskara ikastea eta jarraikortasun bat ematea gogorra egiten zaiela aitortu duten arren, euskara ikasteko nahi bizia adierazi dute: “Ez da erraza lanetik irten eta 14:00etan Euskaltegira joatea, baina giro oso ona dugu taldean, ondo pasatzen dugu. Oraindik ikasteke asko dugun arren, aurrerapausoak ematen ari gara eta, gutxinaka, lotsa ere galtzen goaz”.

Ikasleek adierazi dutenaren arabera, lotsa izan ohi da euskara erabiltzearen oztopo nagusia, baina apurka pentsakera hori hausten ari dira, “euskara ikasteko gogo bizia dutela nabari da, asko saiatzen dira eta hori oso pozgarria da”, dio Bengoetxea irakasleak. 

“Ez da erraza lanetik irten eta 14:00etan Euskaltegira joatea, baina giro oso ona dugu taldean, ondo pasatzen dugu. Oraindik ikasteke asko dugun arren, aurrerapausoak ematen ari gara eta, gutxinaka, lotsa ere galtzen goaz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!