Etxekoen aurrean ospatuko dute igoera Leizaran Ernio Inmobiliaria taldekoek

Aiurri 2022ko mar. 11a, 18:24

Lehen mailara igoera ziurtatuta, txapelketa irabazi nahi dute. Horretarako igande honetan duten partida erabakiorra irabazi beharko dute. 10:30ean hasiko da, Allurralden.

Bi aste atzera, eta denboraldi ikusgarria egin eta gero, senior mailako mutilek igoera ziurtatu zuten. Gauzak horrela, segurua da hurrengo denboraldian Gipuzkoako Lehen Mailan ariko direla. Igande honetan Bigarren Mailako azken partida jokatuko dute, hitzordu erabakiorra. Egindako denboraldia bikaina izaten ari bada ere, irabaztearekin ligan egindako guztia borobilduko litzateke. Izan ere, aipagarria egiten ari diren denboraldia. 17 partida jokatu dituzte, horietatik 16 irabaziz eta bakarra galduz.

Egoera berean dago Munttarpe taldea, baina, golen aldeagatik, lehen postuan dago. Igoera ziurtatuta, txapelketa irabazteko ezinbesteko baldintza Allurraldeko azken partida hori irabaztea da. Eta, ondoren, Munttarpek egingo duenaren zain egon.

Leizaran taldeak partidara animoak ematera deitu ditu herrikideak: "Zaletuei gerturatzea eskatzen diegu taldeari merezi duen harrera beroa emateko. Egin duten denboraldia ona izan delako, eta gainera txapelketa lor dezaketelako". Allurralden ospatzea ametsa litzateke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!