Saharako adingabeak helburu dituen Oporrak Bakean programa bertan behera geratu izan da azken bi urtetan, osasun krisia zela eta. Egoera hobera doa, eta ekimenari heldu diote berriro Udalek eta Sahararen aldeko elkarteek.
Andoaingo Udalak adierazi duenez, ekimen hau “Saharako adingabeekiko elkartasunaren sinboloa da, eta, aldi berean, bakearen aldeko aldarria, herri honek jasaten ari den bidegabekeria kontutan hartuta”. Programa honen bidez, “beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen zaie, hondartzaz eta ibaiaz gozatu ahal izatea, askok ezagutzen ez dituzten errealitateak, eta herriko familia batekin oporrak partekatzea”.
Udan Euskal Herrira 350 haur saharar inguru etorri ohi dira, kanpalekuetako tenperatura altuak saihesteko, hobe elikatzeko eta mediku arreta osatuagoa jasotzeko. Bestalde, haur bakoitzak hemengo familien eskutik arropa, hezkuntza materiala eta janaria eraman ahal izan du kanpalekuetara. Azken bi urtetan, ezin izan zutenez etorri, maleta hori Saharara bidali ahal izan zuten Euskal Herriko udal eta elkarteek.