[Postontzia]

Bekoplazako pasabide berrian, bada zer hobetua

Mila Garralda 2022ko mar. 17a, 18:00

Alabarekin urte askoan oztopo arkitektonikoekin sufritu zuen ama naizen aldetik, gaur egun min handia ematen dit gurpildun aulkietan ibiltzen direnak, edota haur kotxeekin dabiltzan gurasoak, eskailerak jaistea nahiz igotzea kosta egiten zaion jende heldua, erosketa-orgarekin dabilen jendea…. guzti horiek kontuan hartu gabe obra berriren bat egiten den aldiro.

Bada, une honetan halako ezinegona daukat barruraino sartuta, ikusita Bekoplazako pasabide berriko eskailera.

Udalak baditu teknikariak herritarrok baino gehiago dakitenak, baino iruditzen zait baduela erremedioa oztopo arkitektoniko horrek, hala ere. Eskailerak nahiko zabalera badauka arranpa bat jartzeko moduan hormaren aldean. Era horretan, eskaileren alternatiba izan daitekeen malda, ezintasun edo elbarritasunaren bat daukan edonorentzat irisgarria edo leuna bihur daiteke.

Bestalde, nori bururatu zaio eserleku horiek jartzea pasealeku horretan? Beharbada egundokoak dira ikuspegi artistiko edo estetikotik; ez ditut alderdi horietatik juzgatuko. Bakarrik esango dut ez dutela balio praktikotasunaren ikuspegitik. Ezinezkoa da horietan eseri, bizkarra eta gorputza lasai jarri, eta Leitzarango ibaiaren soinu zoragarriaz gozatzerik; are gutxiago egin dezake hori jende helduak. Zer kostatzen zen beti-betiko bankuak jartzea, beren erosotasuna urtetan erakutsia dutenak?

Arkitektonikoki trabatsuak diren eskailerak eta erabili ezineko banku horiek badute erremedioa. Errektifikatzea jakintsuen kontua omen…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!