Munduko txapelketarako txartela eskuratu nahi du

Mikel Arberas 2022ko mar. 18a, 10:05

Hernaniarra umetatik izan da mekanikaren zale, eta diseinuan duela gutxi murgildu den arren, maila ona eta trebezia erakutsi du EuskoSkills txapelketan

Zer da CAD 3D diseinua?

CAD 3D ingeniariek, produktuen garatzaileek eta diseinatzaileek hiru dimentsioko objektuen prototipo birtualak eta funtzionalak sortzeko erabiltzen duten teknologia da. Horri esker, diseinatzaileek produktu, pieza edo muntai baten xehetasun bakoitza dinamikoki sortu eta alda dezakete. Oso erabilgarria da, eta aukera asko ematen ditu. 

Umetatik erakutsi duzu interesa.

Mekanika betidanik gustuko izan dut, baina diseinuan ikasketak osatzeko sartu nintzen; izan ere, mekanika eta diseinua eskutik helduta doazen bi gradu dira. 

Nolatan erabaki zenuen horrelako lehiaketa batean parte hartzea?

Diseinuko ikasketetako lehen urtean oinarri ona eskuratu nuen. Irakasleak gomendatuta hiru ikaslek hartu genuen parte. 

Horren urrun iristea espero al zenuen?

Hasiera batean ez. EuskoSkills lehiaketan esperientzia polita bizitzea zen helburua, baina Espainiakora jauzi egitea lortu nuen. Ea, oraingoan, zer nolako maila ematen dudan, ez da batere erraza izango.

Lehiaketan mailarik onena emateko entrenamendu asko egiten ari al zara?

Aurreko urteetako ariketak egiten aritzen gara, ia egunero. 2005 urtetik aurrerako froga guztiak jaitsi ditugu, Espainiakoak, Europakoak eta mundukoak, publikoak baitira. Gutxinaka froga guztiak egiten nabil, eta kasualitatez Espainiako txapelketa irabaziko banu, mundu mailara egingo nuke jauzi, Shangaira.

Lan munduan ateak irekitzeko baliagarria den lehiaketa al da?

Horrelako txapelketak zure potentziala erakusteko eta ezagutarazteko oso onak direla iruditzen zait. Izan ere, Euskadiko txapelketa irabazita, oso ona zarela erakusten ari zara eta enpresei horrelako langileak edukitzea komeni zaie. Hortaz, bai, ateak irekitzeko tresna dela esango genuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!