Orbelango langileek greba mugagabeari ekin diote soldata duin bat eskatuz

Aiurri 2022ko mar. 22a, 18:02

Bazkardo auzoan kokatzen den Orbalen Plasticos S.A. lantegiko langileak gaur goizean hasi dira greba mugagabearekin. 2022 eta 2023 urteetarako hitzarmena negoziatzen ari dira. Langileek, besteak beste, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gainetiko soldata igoerak, gaueko lanaren plusean hobekuntzak eta errelebo kontratua eskatzen dituzte.

Orbelan Plasticos S.A. CIE Automotive enpresa multinazional euskaldunaren taldekoa da. ELAk aditzera eman duenez, “2021an CIE-k 3 mila miloi euro fakturatu zituen, eta 270 miloi euroko irabazi gordina izan zuen (dibidendutan 64 miloi euro banatuz)”.

Egun, Orbelanek 150 langile inguru ditu. Langileen ordezkaritzari dagokionez, zazpi delegatu ditu ELAk eta bi UGTk. Industriako enpresa bat izan arren, plantillaren %60a gutxi gora behera emakumezkoak dira; “ez da kasualitatea lan baldintza kaxkarrak izatea”, sindikatuen ustez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!