Sanchezen erabakia salatu eta Saharari elkartasuna adierazi diote hainbat herritarrek

Mikel Arberas 2022ko mar. 23a, 20:20

Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak Sahara eta Marokoren arteko gatazkaren gainean hartu berri duen erabakia salatzeko eta elkartasuna adierazteko hainbat herritar elkartu dira; EH Bildu, EAJ-PNV eta Ahal Dugu alderdiak ere bertan izan dira. Maider Lainez alkatea eta PSE-EEko alderdikideak ez dira elkarretaratzera batu.

Hautsak harrotu ditu Sanchezek Mohamed VI.a Marokoko erregeari oraindik orain bidali dion eskutitzak; izan ere, bertan aitortzen baitio Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena».

NBEk (Nazio Batuen Erakundea) maiz egin izan ditu ebazpenak Saharako herriak burujabe izateko eskubidea aitortuz, eta harridura eta haserrea eragin du Sanchezen azken erabaki horrek.

Horrela, Andoaingo Hurria Sahara elkarteak dei egiten die andoaindarrei bertan parte hartuz erabaki horren aurkako jarrera adieraz dezaten. Ohar baten bidez adierazi duenez, “Une hauetan Saharauien ondoan egon beharra daukagu, andoaindarren elkartasuna eta indarra beharrezkoa da aldarrikatzeko Saharako etorkizuna bertako herritarrek erabaki behar dutela autodeterminazio erreferendum baten bitartez, Nazio Batuek ezarritako oinarrien arabera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!