Maxima horren adibiderik ezin gardenagoa transmititu digu Espainiako gobernu-buru Pedro Sanchezek Sahara hizpide hartuta, egunotan. Sanchezek, beste behin, realpolitik deitzen den kontzeptu hori zertan datzan transmititu digu. Groucho Marxen esaera gogorarazi digu: “ez badituzu gogoko nire printzipio horiek, lasai, badauzkat-eta beste batzuk”.
Hots: aurrean duzuna izan daiteke diktadorea, monarka absolutista, herria miserian daukan bitartean bera eta bere familia egunez egun aberatsagoa izatea helburu duena, NBEren ebazpenak behin eta berriro hanka-tartetik pasatzen dituena, beste nazio baten okupatzailea, zapaltzailea, hiltzailea, torturatzailea… Izan daiteke hori guztia eta gehiago.
Baina estatu-buru bada, munduko hainbat potentziek hornitzen duten ejertzito sendo baten buru bada, bere menpeko herrialdea mendebaldeko potentzientzat geopolitikoki eta geoestrategigoki aparteko tokian kokatzen bada, “gorrotagarria” den migrazioaren ateen giltza eskutan badauka…
Bada, orduan, nire adiskidea izango da, eta amen egingo diet bere exijentziei. Sanchezen azken erakustaldia makina bat egoeratan aplikatzeko modukoa egiten zaigu. Gurera etorrita, esate batera, ez ote ditu jarri hankaz gora, beste behin, “Giza eskubideak oinarri dituen zoru etikoa”, “Hiltzea gaizki egon da” eta antzeko printzipioak? Ez ote ditu auzitan jarri, biolentziazko iraganaz hausnartzeko herriz herri, borondate onez, osatu diren bizikidetza mahaiak eta antzeko foroak?