Nola identifika gaitezke erakusten dugunaren eta garenaren artean? Aske bizi dugu geure nortasuna? Galdera potolo horiei erantzuna eman nahian, Zirkuolan aritzen diren Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta akrobatak "Mikra" ikuskizuna ondu dute Amancay Gaztañaga Sagarzazu eta Iraia Elias Muniain aktoreekin batera. Lurrean eta trapezioan egindako binakako akrobazien bitartez, oihalak maisuki erabiliz, eta antzerkia eta dantza uztartuz, saio ikusgarriaz gozatuko dute Urnietara hurbiltzen direnek. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da ikuskizuna.
Zer da "Mikra" ikuskizuna?
Koldo Arakistain: Generoa, rolak eta genero estereotipoen gaineko gure gogoeta guztiak batzen dituen pieza da.
Irati Gonzalez: Zirkua eta akrobazia dira nagusi, baina badu ere dantzatik eta antzerkitik.
Nola sortu duzue istorioa?
I.G.: Jendeak gogoko duen ikusgarritasuna du zirkuak, eta, horren bitartez, gauza asko konta daitezke. Gure bizitzan izan diren gertaerak mahai gainean jartzea behar genuen, terapia moduan erabiltzeko, eta hori, generoarekin zerikusia duten eta bizi izan ditugun egoerekin gertatu da.
K.A.: Bestearen rolean asko identifikatzen gara gu.
I.G.: Horrek generoarekin du lotura zuzena, zeren zenbait ezaugarri gizontasunari atxikitzen baitzaizkio. Ordea, beste hainbat emakumeari, tartean, sentibera izatea. Hemen gizon bat eta emakume bat gaude, eta hori da esan nahi genuena, hain zuzen: "Kontuz ikusten duzuenarekin, guk, agian, ez ditugu ezaugarri horiek”. Mezu hori gazteei adierazi nahi diegu.
Zein da zuen helburua?
I.G.: Helburu nagusia da iruditeria aldatzea. Gizartearena orokorrean.
K.A.: Sortzen ditugun irudiak oso indartsuak dira, eta horregatik, aipatzen da iruditeriarena. Pieza ikusi ondoren, bigarren eta hirugarren egunean oraindik irudiak etortzen zaizkizu burura.
I.G.: Garena islatu nahi dugu, eta akrobazia erabili. Horretarako oso garrantzitsua baita. Euskal Herrian dantzak eta antzerkiak badute bere lekua, baina zirkua oraindik sortzen ari da, ezagutzera ematen ari da. Hori da nire artea, nik barrutik hori daukat, eta horrela gustatzen zait transmititzea.
K.A.: Arte eszeniko guztiak lotuta daude, denek edaten dute denetatik, eta zirkuak bere barne hartzen ditu beste guztiak. Askotan zirkua, antzinako zirkuaren irudiarekin lotzen dugu: animaliak, karpa bat… Gaur egun, kalean egin daitekeen zerbait da.
Mezua iristen al da?
I.G.: Bai. Leioan egin genuen emanaldian, Galizian lan egiten zuen emakume bat zegoen. Emanaldia ikusi ondoren, gurekin kontaktuan jarri zen, ikaragarri gustatu zitzaiola esateko. Hizkuntza aldetik, ez zuela ezertxo ere ulertu aipatu zigun, izan ere, piezak off audioak ditu, guztiak, euskaraz. Hala ere, mezua iritsi zitzaion, generoarekin lotutako hainbat kontu adierazi zizkigun emakumeak eta orduan konturatu ginen, hizkuntza ulertu gabe ere, guk adierazi nahi duguna iristen eta ulertzen dela. Izugarria izan zen guretzat.
Txikienek ere ulertzen dute, adinaren arabera gauza batzuk gehiago besteak baino, baina irudi eta soinu potenteak daude eta geratzen dira elementu horiekin.
K.A.: Zeharo desberdina da hasieran planteatzen dugun egoera eta pieza nola amaitzen den. Pertsonaiek hankaz gora eta buelta emanda amaitzen dute, hasierako egoeratik nola ateratzen diren ikusten da.
Transmititu nahi duzuena, mezua eta zirkua, konbinazio zaila al da?
K.A.: Egiteko modua akrobaziak dira, baina uneoro gure barne gatazkak kontatzen dira, orduan, gure egiatik egindako akrobaziak dira eta gu garena ateratzen da; bata gabe bestea ez dago.
I.G.: Oso orekatua da. Akrobazia da erabiltzen dugun hizkuntza, eta, ondoren, mezua dago. Ez da bata edo bestea, biak elkartuta, bata bestearekin egiten da. Akrobaziaren ikusgarritasuna erabiltzen dugu, baina teknikoak izaten saiatu gara.