Berak, "pixka bat hemendik eta beste pixka bat handik irakurtzen dut, pentsamenduak idazten ditut, adibidez gizon eta emakumearen berdintasunari buruz, generoari buruz, historiari buruz, Makiei buruz, beno, egia esan, ikasten dut, etengabeko ikastun naiz". Tertulian aritu gara eta inoiz entzun ez ditudan hitzak izendatu ditu. Harrituta, pentsatu dut: Oh, zenbat geratzen den ikasteko!
Martxoa emakumearen nazioarteko egunari bideratu zaio eta transfeminismoari buruzko hitzaldi batera joan nintzen. Berriro gauza bera, inoiz entzun gabeko hitz batzuk entzun nituen, beste batzuk ezagunak bai, baina nahiko berriak ere. Terminologia, oro har, gizartean sortzen diren aldaketak, ohitura berriak eta errealitate desberdinak hobeto edo errazago ulertzen langutzeko asmoz sortu eta berritzen da, besteak beste. Beraz, neurri handi batean denok gara kafetegiko jauna bezalakoak, etengabeko ikastunak: ikasi dugu, adibidez, tortillera haiek, gaur lesbianak direla, baita marikoi haiek egun gay ere. Homosexualitatea ezagutu dugu eta ulertu ahal izan dugu zer den, bisexualitatea, transexualitatea, genero, transgenero, binario, ez binario, queer, disforia, gizarte patriarkala, heteropatriarkala, heteronorma… Horrela, hamaika termino aldatu dira erritmo azkarrean. Batze batzuk, aldiz, lehendik zeuden eta ordezkatu egin ditugu, pertsonen irizpideak eta pentsatzeko moduak ere azkar baina ahalegin handiagoarekin aldatzen joan diren modu berean.
Azken urteotan azalarazten joan diren termino guztien artean, agian indar gehien hartu duena "transexualitatea" da, errealitate horrek ikusgarritasun handiagoa hartu duen modu berean. Gizateria existitzen denetik, trans pertsonak beti egon dira eta, laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, lehenengo Trans legea aldarrikatu zenean ere bazeuden. Lege hark alderdi legalak eta "beren izaerari datxezkion" eskubide guztien aitorpena arautzen zuen, lege hark arazo batzuk konpondu zituen eta trans pertsonak onartuago eta defendatuago sentitzeko balio izan zuten beste alderdi batzuk ere jaso zituen. Nolabait, gizartearen ikusgarritasuna eta onarpen handiagoa lortzeko bideari ekiditeko abiapuntua izan zen, eta aukera eman zuen transexualitatea eremu guztietatik jorratzeko eta tratatzeko beste modu egokiago batzuk birpentsatzen jarraitzeko.
Lehen lege haiek zaharkituak geratu dira, eta, horien ordez, beste batzuk ezartzea lortu da, iragaitza-prozesu horretan modu batera edo bestera murgilduta dauden pertsonek aurre egin behar dieten egoerari erantzuteko. Azken legeak alde batera utzi du transexualitatea sendabidea behar duen patologia psikiatrikoa delako ustea, ez da tratamendu kirurgikoa edo izen-aldaketarik eskatzen sexuaren erregistro-zuzenketa egin ahal izateko, kendu egin da dokumentazio medikoa aurkezteko betebeharra, eta legeak gorputzaren autodeterminazioa defendatzen du.
Trans aurrizkiak bidaia bat iradokitzen du, eta, zehazki, transexualitateak sexualitatean zeharreko bidaia batean pentsatzera garamatza eta oraindik perfektuak ez diren legeek, bidaia hori ahalik eta erosoena eta bizkorrena izan dadin laguntzen dute. Baina urte hauetan, legezko esparrutik urrun askotariko galderak sortzen joan dira, zer da emakume bat izatea? Zer da gizon bat izatea? Subjektu batek sexua alda al dezake? Gizon edo emakume izatea aukeratzea? Izen propio bat aukeratzea? Zein dira gorputzaren eraldaketek transexualaren psikismoan dituzten ondorioak?
Gaur egun, transexualtzat ezagutzen dugunak lotura handia du teknologia medikoarekin, hormona tratamenduarekin, kirurgiarekin, pertsona transexuala espetxetik askatzera bideratutako interbentziorekin, berezkoa ez duen gorputza izatea dakarrelako. Transexualitatearen existentziari buruz aspalditik dakigu, baina oraindik prozesu enigmatikoa izaten jarraitzen du, bere indibidualtasunean entzutea eskatzen duena; lagunarte onean ibiltzea merezi duen bidaia da, galderaren erantzuna aurkitzen lagunduko duena: nork idazten du patua, anatomiak ala desirak? Oh, zenbat geratzen den ikasteko!