-Gailu musika taldearen aro berria abiatu da

Aiurri 2022ko mar. 25a, 11:13

Zuzeneko emanaldiei ekin die Mikel Abrego andoaindarrak sustatu duen musika proposamen berriak. Joan zen larunbatean, Gernikako Lekuek jaialdian izan zen estreinaldia, eta, datorren apirilaren 3an, Donostiako Le Bukowski ariko dira.

Mikel eta Eneko Abrego anaiak eta Xabier Olazabal "Drake" adiskide fidela musika abentura ezberdinetan ibilitako hiru lagun dira, eta, iazko ekainean -Gailu taldea egitasmo berria aurkeztu zuten. "Gaua" kantua eta bideokliparekin berabiatze bat irudikatu zuten, aspaldian izen berarekin hainbat kantu aurkeztu zituztelako.

Entsegu lokaleko esperimentazio eta jolasek, -Gailu taldearen berpiztea ekarri dute, lurpetik atera, eta bizi berri bat eman diote ia hogei urte lozorroan egon den egitasmoari. Ahotsa, bateria, baxua eta sanplerrak dira musika proposamen honen osagarriak, eta jendaurrean aurkezteko "Begiak, Egiak Ba Ote?" (bIDEhUTS) izeneko disko berria kaleratu zuten.
Udan entseguei ekin zieten, eta udaberria iristearekin batera zuzeneko emanaldiak loratu dira. Tartean, behin behineko aldaketa batekin.

Gaurkoz, Xabier Olazabal ez da zuzenean ariko, eta haren ordez, Mariano Hurtado Inoren Ero Ni taldeko baxu-jotzailea ari da. Hurtado lagun zutela, beraz, Abrego anaiek lehen emanaldia egin zuten Gernikako Lekuek jaialdian. Iparragirre aretoan izan zen berrabiatzearen estreinaldia, eta zaletuen artean ikusmin handia nabari zen.

Apirilaren 3an, Donostian

Datorren emanaldia Le Bukowski aretoan eskainiko dute, eta hura ikustera joan nahi duenak sarrerak agortu aurretik aldez aurretik erosi beharko ditu. Dagoeneko, salgai daude On Line entradium plataforman. Hurrengo emanaldia apirilaren 7an izango da, Bilboko Kafe Antzokian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!