Andoain, gaztetxoentzat abiapuntua

Aiurri 2022ko mar. 25a, 11:17

Benjamin, alebin eta infantil mailako txirrindularientzat denboraldiko lehen lasterketa izan zen, Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideen eskutik iritsi zena. Harrobia lantzen jarraitzeko ezinbestekoak dira horrelako lasterketak .

Izaro Zuriarrain junior mailan aritzen den txirrindulari prestua da. Xabat Zuriarrain, Oihan Mitxelena, Izaro Etxarri, Irati Aranguren, Itziar Alkain, Markel Tamayo, Peru Sarasola edota Intza Navarro gogo biziz ari diren kadete mailako lasterkariak dira. Guztiak ere, Euskal Herriko errepideetan, Andoaingo Txirrindulari Eskolako mailotari dizdira berezia ematen diote. Maila horietara iritsi badira herrian bertan eskaini zaien babesa eta irakaskuntzari esker izan da.

Han eta hemen, txirrindulari-eskolak krisian dauden bitartean, Andoaingoak sendo eusten dio bere egitasmoari. Txirrindulariei garatzeko aukera eskainiz, eta berriei pedalkadaz pedalkada lehen pausuak ematen lagunduz. Denis, Unax, Ugaitz, Liher, Lizar, Kerman Maddi, Olaia edota Urko eskolako kimu berriak dira. Larunbatean denboraldiko lehen lasterketa herrian bertan izan zuten. Harrobia badago, maila ezberdinetan txirrindulariak daudelako, haiek zaintzeko eskola badagoelako. Ekin eta jarrai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!