Zubietako baranda azpietan saretxo-metalikoak jartzeko erregistroa egin du Eguzkik Udaletxean

Mikel Arberas 2022ko mar. 28a, 12:20

2019. urtetik "Itsasoa hemen hasten da" lelopean kanpaina bat egiten ari dira Euskal Herriko Eguzki talde ekologistak. Ezinbestekoa ikusten dute ibaiak eta errekak garbi mantentzeko metalezko saretxoak jartzea, lurreko zaborra uretara ez erortzeko. 

Honako idatzi hau zabaldu dute Andoaingo Eguzki talde ekologistaren web orritik: 

 2019 ezkeroztik “Itsasoa hemen hasten da lelopean” kanpaina bat egiten ari gara Euskal Herriko herri askotan zehar itsaso naiz ibaietako hondakinen kopurua murrizteko asmoz. Izan ere, gure kale, zubi eta plazetako hainbat hondakin arin, bildukiak bereziki ( plastikozko botila, gozokien plastiko, poltsa e.a.), ibai bazterretara edo zuzenean uretara isurtzen dira, gehienetan haizearen laguntzarekin. Honekin ez dugu zalantzan jarri nahi kale garbiketa, baina bai berau ez dela nahikoa hondakinak ibaira ez iristeko.

Kanpaina horren barruan hainbat jarduera egiten ari gara: sensibilizazio kanpainak, hondakin bilketak ( ibaia, erreka naiz itsas bazterrean) eta neurri zehatzak proposatuz. Egia esateko, Andoainen hainbat urtetan ibai garbiketak antolatu ditugu kanpaina honi hasiera eman aurretik eta kasu honetan neurri zehatzen proposamenean zentratu nahi genuke.

Proposamena mamitzeko, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak zubietako eta barandetako behealdetan saretxo metalikoak ezartzeko lan dinamika abiatuta daukagu eta dagoeneko udalerri desberdinetan, elkarlanean, bultzatu ditugu neurri hauek plastikoak eta botilak ibaietan bukatu ez dezaten. Azpeitia, Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Elgoibar,... dira saretxoen ezarketa gauzatu ditugun udalerriak, bertako udaletxeak eta gure artean elkarlanaren ondorio.

Idatzi honen bidez elkarlanerako deia luzatzen diogu Andoaingo Udalari eta hainbat proposamen egin nahi dizkiogu:

  • Beheko Plaza azpiko pasealekuan baranda ipini den tartean saretxo hauek ezartzea.
  • Herriguneko zubi guztietan behe saretxo metalikoak jartzea: Sorabilla, Santa Krutz, Txistoki eta Kale Berrikoa.
  • Miranda pasealekuan eta Zumea kaleko barandetan, espigoia barne, behe saretxo metalikoak jartzea.
  • Makaldegiko gunean etorkizunerako neurriak pentsatzen hastea.

Aipatu nahi dugu, oso pozgarria zaigula jakitea eta ikustea Makaldiko estalkiaren atzean dagoeneko 25 bat metro saretxo metaliko ezarriak daudela Andoaingo Udalaren eskutik. Hasitako bideari jarraipena emateko deia egiten diogu Udalari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!