Fermin, Modesta Etxebesterekin 1956an ezkondu zen, eta lau seme-alaba eduki zituzten: Maite, Maria Angeles, Fermin eta Mertxe.
Belamendia Arrillaga familia Sorabilla auzoan, Erdoixta baserrian bizi izan zen, eta hortik zetorkien Erdoxta ezizena. Juan Maria eta Soledad izan ziren bere gurasoak. Horien seme-alabak, berriz: Joxe Ramon (1920), Felisa (1922), Pablo (1925), Xixilio (1927), Fermin (1929), Joxe Mari (1932), Maria (1935) eta Juan (1938).
Andoaingo bertsogintzaren historia kontatzen duen Joxinixio Pizkunde zapuztua liburuan (Egilea: Xabier Lasa. Argitaletxea: Manuel Larramendi Bazkuna) jasota dago bere ibilbidea.
Bertan, bertsolari gisa definitzen da Belamendia: “Plazaz plaza eta bertso afarietan ibiltzeko bertsolari batek behar zituen ezaugarri guztiak eta gehiago zeuzkan Ferminek. Kabida handiko memoria, arrazoietarako malizia, buru azkartasuna, jendartekotasuna, lotsagabekeria sanoa, ahots indartsua, bazkal eta afal ondorengo martxa traketsarekin izukaitza… Zinez, egoki-egokia zen bertsolaritza biren arteko lehia eta desafio gisa zekusan bertsozaleen ahots kuttuna izan zedin. Baina aitatasunaren ardurak egin zion atzera… Artisten kartel ofizialean aipatzen ez zen beste artista herrikoi hori izan ohi zen Fermin, zezen plazan halako batean ateratzen zen espontaneoa. Ezin errenditu ikus-entzulearen paper pasibo izatera; ezin zapuztu barru-barruan zeraman bertsolariaren sen bizi hori. Jaialdia aberastera etortzen zenetakoa zen”.
Belamendiak berak ere ez zekien ondo nondik zetorkion bertsotarako zaletasuna; bertsotarako joera beti izan zuela, hori ziurtatu izan zuen: “Lagun Artea tabernan edo herriko beste edozein tabernatan eta sagardotegietan sartu, eta goizago edo beranduago bertsoari ekiten nion. Halaxe hezi nintzen Andoainen”.
Aipatu liburuan adierazten denez, Belamendia 1955ean estreinatu zen bertsolari bezala, plaza edo kalean publiko aurrean aritzen denaren antzera behintzat. “Urte hartako Santa Krutz jaietan Martzelino Otegi eta biak eman zuten ezustekorik handiena, kantari jarri zirenean Zumea kalean, elkarren ondoren ziren balkoi banatan. Gertakizuna harrigarritzat jo daiteke, ordura arteko zenbait arau hautsi baitzituen 50eko hamarkadako Andoainen: zer da eta, herriko bi gazte ezezagun bertsolari lanetan, non egingo-eta, kalean jendaurrean, eta noiz eta egun argitan!".
Belamendiak berak argitu zuen Santa Krutz jaietako saio haren jatorria: “Mutua (Martzelino) etorri zitzaidan elkarrekin kantatu behar genuela esanez. Mutil ona zen, eta laguna nuen. Hitz totela zen, baina bertsotan ez zen trabatzen! Halaxe, Zumea kalean, Amundoren etxean (Mandazainenea) balkoi banatan jarri eta bertsoetan aritu ginen. Ederki harritu ziren gurekin behean guri entzutera bildu ziren herritarrak. Andoainen ez baitzen bertsolaririk. Zaharrenek esaten zuten aspaldian Txirrita-eta etortzen zirela postura hartan kantatzera, baina galdua zela ohitura hori, eta gerrak bertso giroa zapuztu egin zuela.
Balkoietan denbora askoan ez ginela aritu daukat errezeloa; Santa Krutz jaiak goratu eta agudo elkarri ziria sartzen hasiko ginela, hori seguru”.
Harrezkero, leku askotatik deika hasi zitzaizkiola aitortu zuen Belamendiak:
“Kinto bazkaritarako, afari ondorenetarako eta antzeko aldarteetarako, baina lau seme-alaba eta emaztea neuzkala erantzuten nien. Sei aho elikatu behar eta bakarra soldata etxera eramateko… Gainera, bertsolariak parrandazale eta alfer fama zeukan lehen, ez zen orain bezala.
Dena den, aldian-aldian, sortu izan zitzaizkidan egokierak. Denetariko aitzakiak tarteko. Gogoan dut behin nola ibili ginen Lasarten etxe bateko egurrezko zimentu guztiak jota behetik gora berritzen. Nagusia haren inaugurazioarekin tematu, eta joan gara afarira. Patxi Etxeberria bertsolaria ere gonbidatu zuen. Bada, Etxeberria eta biok a ze saio gogoangarria egin genuen, bertsoa bertsoaren atzetik goizaldera arte! Egundoko ilargia zegoen, eta hari ere bota genizkion!
Etxeberria baino bertsolari sonatuagoekin ere atrebitu izan naiz. Ni bertsolari lotsagabea izan bainaiz, eta iruditu izan zait bertsolaritza egiten duenak beti pronto egon behar duela batek besteari jesukristorenak esateko; hori bai, beti konfiantza giroan, haserretzeko biderik jarri gabe”.
1936ko gerra ostean famatuenak ziren bertsolari gehienekin aurrez aurre jardun izan zuen, mahai baten bueltan ia beti: Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki, Agirre, Lizaso, Etxeberria, Mitxelena… Sekula ez zen otzandu horiekin, ez zion uko egin bertsoen ika-mikari; aitzitik, aldarteak probokatu ere egin izan zituen maiz. Horiekin edukitako zenbait pasarte bilduta daude Andoaingo bertsogintza hizpide duen aipatu liburuan.
Jexux Artola, Sebastian Lizaso eta Fermin, Zizurkilgo Urkamendi elkartean. Lejarreta txirrindularia omendu zuten urteetako batean (Argazkia: Belamendia familia).