Zigilu bikoitza jaso du Plastigaur enpresak, Klima Aldaketaren Bulegoaren eskutik

Aiurri 2022ko mar. 30a, 12:41

Trantsizio Ekologikora eta Erronka Demografikorako Ministerioak aitortza bikoitza egin dio Andoaingo enpresari.

Pozarren agertu dira Andoaingo egoitza nagusian: “Plastigaurren zorioneko gaude Kalkulatzen dut eta Murrizten dut zigilua jaso baitugu”. Ministerioak Plastigaur saritu du negutegi-efektuko gasen isurpenak kalkulatzeko eta murrizteko egindako ahaleginagatik.

Kalkulatzen dut zigilua eskuratzea zer den horrela deskribatu dute: “Plastigaurrek bere karbono-aztarna 2017, 2018, 2019 eta 2020 urteetan erregistratu du. Horri esker, urte bakoitzerako Kalkulu zigiluak ziurtagiria eskuratu dugu. Zigilu horrek erakusten du enpresak bere ingurumeneko inpaktua neurtzeko helburua duela, gero inpaktu hori gutxitzeko eta konpentsatzeko asmoz”.

Murrizten dut zigiluak, bestalde, iraunkortasunaren aldeko jokabidea saritzen du: “2018-2020 hirurtekorako karbono-aztarna batez beste % 32 gutxitu izanagatik. Datu horrek, balio erantsi handiko produktuak modu eragingarrian eta jasangarrian eskaintzeko Plastigaur talde osoak egindako ahalegina agerian uzteaz gain, Ekonomia Zirkularreko eredu integralaren bidez ingurumeneko iraunkortasunaren alde lanean jarraitzeko bultzada eskaini du”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!