"200 izen-emate ditugu dagoeneko, eta 350eko mugara aise iritsiko garela uste dugu"

Andoni Urbistondo 2022ko mar. 31a, 10:58

Borja Agote eta Josetxo Berasategi Adarra Trail lasterketako antolatzaileak dira. AIURRI

Borja Agote eta Josetxo Berasategi Adarra Trail lasterketako antolatzaileak dira. Maiatzaren 15ean izango da lehen edizioa, Andoaingo Goikoplazan hasi eta bukatuko dena. 22 kilometro, 1.060 metroko goi-behera; dagoeneko 200 lagunek eman dute izena.

Andoaingo Goikoplazan egin dute hitzordua. Hilabete eta erdi barru Adarra Trail maratoi erdia hasi eta bukatuko den toki berean, hain zuzen ere.

Nor zaituztegu?

Josetxo Berasategi: Kirolariak gara. Borja surfista profesionala, eta ni triatleta, 20 urtez. Halako batean kirolari, lagun kuadrilla bat elkartzen gara, kirol probak antolatzeko asmoarekin. 2017an Kataluniako lasterketa antolatzaile batzuk etorri ziren Donostiara, txirrindularitza proba bat antolatzeko asmoz, Gran Fondo Donosti izenekoa. Ezagunak nituen, eta probako zuzendari izatea eskatu zidaten. Proiektua bertan behera utzi zuten azkenean, baina geuk jarraipena ematea erabaki genuen. Kirol Sport enpresa sortu genuen, beharrezko pausoa probak antolatzeko. Sekulako lana zela jabetu ginen azkar: baimenak, udalak, aseguruak, ibilbidea, boluntarioak… Bai nik eta bai Borjak geure lana daukagu, ez baikara jardun honetaz bizi. Ekimena forma hartzen hasi zen, tartean pandemia egonda ere, eta proba antolatu genuen, 2021ean. Harrera bikaina izan zuen, 1.000 lagunek parte hartu baitzuten. Izaera propioa eman genion, zikloturismo kutsua, lehiakortasuna bigarren mailakoa izan zedin. Proba neutralizatu egiten genuen, anoa puntuetan parte hartzaileak elkartu, lehen eta azken parte hartzailearen tartean distantzia murrizteko. Tolosan 400-500 laguneko tropela elkartu ginen. Haimar Zubeldiak eta Markel Irizarrek aholkatu gintuzten.

Borja Agote: 1.000 lagun eta izen-emateko aukera itxi genuelako. Bestelakoan askoz gehiago.

Bestelako probarik antolatu duzue?

J. B.: Itsasoarekin ere harreman berezia dugu, eta igeri zeharkaldia antolatu genuen Pasai San Pedro eta Donostiako Zurriola hondartzen artean: Bale ehiztarien zeharkaldia.

Esan duzue ez zaretela profesionalak.

B.A.: Ez gara, ez. Akaso izango gara, egunen batean, baina oraingoz ez. Denbora asko jaten du jardun honek, lotu beharreko gauza asko dira. Zer esanik ez proba egiten den atariko azken hilabetean. Izen emateekin lortzen dugun dirutik irabaziren bat geratzen bada, hurrengo urteko ekitaldian inbertitzeko gordetzen dugu. Lan handia da, benetan, halako ekitaldi bat antolatzea, gastu pila: Aseguruak, izen-emate plataformak kontratatzen ditugu, logistika eta seinaleztapen enpresak, boluntarioei ordaintzen diegu, korrikalarien poltsan hemengo produktuak, kamiseta on bat sartzen dugu… Ikusleek beren senide edo laguna uneoro non dagoen jakiteko modua izango dute helaraziko dugun aplikazio baten bitartez. Zerbitzu ona eman nahi diegu izena ematen duten korrikalariei, gastuak handitzearen truke bada ere. Gauzak ondo eginez etorkizunera begira kirolariak fidelizatzeko, egonkortzeko helburua daukagu.

J. B.: Kalitatea lehenesten dugu, kantitatea baino lehenago.

Nola sortzen da Adarra inguruan trail bat egiteko proiektua?

J. B.: Bizikleta gustuko dugu, itsasoa eta korrika egitea ere. Beste bi diziplinekin probak antolatu ditugu, orain, korrika, mendi maratoiak.

B.A.:  Trail asko egindakoak gara. Mendian bizi garela esan genezake. Iñigo Albornoz lagunak esan zidan Adarra inguruan egiten zela proba eder bat, eta antolatzeko… Whatsapp talde erraldoi batean nago, korrikalariena. Bakarren batek bota zuen asmoa, eta sekulako bola egin zen, egin behar genuela eta beste, eta ezin izan genuen geratu. Pandemiak bakarrik lortu zuen atzeratzea. Urnietako Udalarekin hitz egin genuen, aurrena, gure proiektua aurkezteko, eta euren orduko lehentasun bakarra kiroldegi berria zela erantzun ziguten. Andoaingo Udalarekin saiatu ginen ondoren, eta harrera hobea izan genuen. Udaleko Ixiar Olano kirol teknikariak babesa eman digu hasieratik. Aurten Andoainen hasi eta bukatuko da, baina ez dugu baztertzen etorkizunean Urnietan abiatu eta bukatzea. Andoaingo Udaletxean baimena bakarrik eskatu dugu, dirurik ez. Aldundian bezala, Adarra eta Usabelartza aldean ingurumen arau murriztaile dezente daudelako. Hainbesterako, lasterketako track edo bidea ez erakusteko eskatu digutela, azken bi asteak iritsi arte.

Noiz hasi zineten ibilbidea zehazten?

B. A.: Andoaingo Udalak baimena eman zigunean, lehenago ez. Behin baimena emanda, kirol oinetakoak jantzi eta egurra. Ibilbidea sortzen hasi ginen, Aldundiarekin harreman estuan beti. Andoain eta Urnietako lurretan barrena egiten du probak, eta herri bakoitzeko baso eremuek teknikari propioa dute. Udalarekin ere harreman emankorra eduki dugu: plaza eskatu dugu, aste honetan dutxak erabiltzeko aukera…

Eta zer da Adarra Trail? Maratoi erdia, mendi maratoia…

B.A.:  Maratoi erdi bat. %25 pista edo errepidean barrena da. Lehen hiru kilometroak Leitzaran bidetik barrena doaz, pistan. Gero mendi bidea, Besabiraino, eta handik Pardaki eta Mizpiradiko errepidean barrena, geltokia eta Goikoplazara. 6-7 kilometro dira denera pista edo errepidean, 22 denera, eta 1.060 metroko desnibel positiboa. Zailtasun tekniko handirik gabeko proba da, Adarrako jaitsieran izan ezik. 01:40 - 01:45 denbora egingo du garaileak, eta oso ibilbide polita da.

350 laguneko langa jarri duzue. Nola doaz izen-emateak?

J. B.: Ondo, dagoeneko 200 izen-emate ditugu, eta 350eko mugara aise iritsiko garela esango nuke. Gu enpresa txikia gara, bertakoak, eta ez ekitaldi handiak antolatzen dituen enpresa handi horietako bat. Ahoz-ahokoa erabakigarria da guretzat. Jendeak ezagutzen gaitu, badaki lanean finak garela, eta proba batean parte hartzen duenak bestean ematen du izena.

Zergatik 350?

J. B.: Aldundiaren muga, ingurumen arauengatik. Lehen urtean arauak betetzen dituzun aztertzen dute, eta hala bada, parte hartzea handitzeko baimena eman diezazukete, 500 lagunera arte.

38 euro izen ematea. Betiko eztabaida. Asko da, ez…

B.A.:  Jendeak dirutza handi samarra dela pentsatzeko joera du, baina guk gure gastuen berri ematen dugu gardentasunez, eta lasai asko esan dezakegu gure irabaziak eskasak direla, galtzen ez badugu. Probako poltsan kamiseta eman edo ez galdetu genien parte hartzaileei, eta kamiseta eskatu zuten gehienek. Hala egingo dugu. 350 izen ematerekin gastuak berdintzea lortuko dugu.

Ereñotzuko mendi lasterketa egun berean da. Zer gertatu da hor?

B.A.: Azalpen erraza du. Ternua etxearen laguntza jaso dugu, eta haiek baldintza bakarra jarri ziguten: Proba maiatzaren 15ean izatea. Ez 8an edo 22an, 15ean baizik. Eta hala egin behar izan dugu, nahitaez. Azaroan finkatu genuen data.

J. B.: Pandemia bukatzen ari den honetan mendiko probak egiteko grina handia sumatzen dut, eta bai gurea, eta Ereñozukoan, parte hartze handia izango dela esango nuke.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!