Mendizaleek Aduna, Zizurkil, Asteasu, Larraul nahiz Alkizako paraje naturaletan txango ikusgarri bezain gozagarria egin ahal izango dute
Izena emateko orduan gogorarazi dituzten argibideen artean, azpimarratzekoa da martxa luzeko ibilaldiaren gutxieneko denbora 05:30 ordukoa izango dela, eta gehienekoa 11:00 ordukoa. Bestalde, ibilaldiaren bukaerako kontrol postua eguerdiko 12:30ean irekiko da eta arratsaldeko 18:00tan ordutan itxi.
Jakiak eta dutxa, aukeran
Parte-hartzaileak ondo zaindu nahi dituzte Euskalduna elkarteko kideek. Eta horrexegatik, bidean barrena jarriko dituzten hiru kontroletan, fruta eta ura eskainiko zaie parte-hartzaileei, eta ibilaldiaren bukaeran, Ondarreta ikastetxean ogitartekoa eta edaria eskainiko zaie.
Bestalde, Ondarretako ikastetxean bertan aldagelak eta dutxak mendizaleen eskura jarriko dituzte, ibilaldien amaieran erabiltzeko.
Dimentsio handia hartzen dute antzeko ibilaldiek, inguruko herrietatik ez ezik Euskal Herri osotik etorritako ehunka mendizalek osatzen duten ekitaldiek. Antolakuntzak boluntario ugari mobilizatu behar izaten du, makina bat eginkizun dagoelako egiteko: aurreko egunetan bidea markatu edo izen-emateak antolatu, egunean bertan elikagaien eta kontrolerako guneak, harrera gunea… Euskaldunak aurreikusita daukanez, egunean bertan 60 bat lagun izango dira arduraren bat hartuko dutenak ibilbideko punturen batean.
Bestalde, Euskaldunak eskerrak eman nahi dizkie Andoaingo Udalari eta Ondarreta ikastetxeari ez ezik, baita ere hainbat merkatariei, azpiegitura utziaz edo eta jakiak eta edariak emanez mendizaleen egun handiarekin bat egin nahi izan dutelako. Horiexek dira: Urkola eta Txindoki tabernak, Hiru jatetxea, Ogiberri eta Ogidonosti okindegiak, Bastero kafetegia, Eroski hipermerkatua, Santa Krutz fruta-denda eta Lacturale.
Urteroko martxa berreskuratuta
Pandemia garaiak mendi taldeen dinamika hankaz gora jarri zuen, gizartean gainerako arloetan bezalatsu. Gauzak normaltzen ari dira, ordea, eta 2022aren hasierarekin batera Euskalduna elkarteko zuzendaritza beregain hartu zuen lan-talde berriak normaltasunez heldu dio irteeren egutegiari.
Horrela, urtarrilaren 9an hasi eta hortik aurrera hamabostero antolatu dituzten sei irteeretan (Iribas-Irurzun, Imotzeko Bira, Errotz-Gaztelu, Bakio-Gorliz, Lapurdiko Bira eta Arantza-Arantza) erruz batu zaizkie mendizaleak horietara; zenbaitetan, gainera, autobuseko plazak bete ostean jendeak itxarote-zerrendan geratu behar izan du, irteeran parte hartu ezinik.
Aurretik txangoa Gipuzkoako kostaldean
Datorren igandeari begira Gipuzkoako kostaldean (Aldazabal Torre-Sakoneta-Zumaia) txangoa prestatu dute, eta jada plaza guztiak beteta daude.
Euskaldunak mendizaleei eskaintzen dien formula erakargarria izan daiteke arrakastaren giltza: hamabostero irteera jakin bat antolatzen du, eta horri bigarren irteera eransten dio; paraje beretsuan izan arren, leunagoa eta motzagoa izaten da alternatiba hori.
Hiru ibilbide aukeran
- Ibilbide luzea (42 km.): 8 euro. Irteera, 07:00.
- Ibilbide motza (21 km.): 8 euro. Irteera, 08:00.
- Familia giroko ibilbidea (10 Km.): 5 euro helduek, doan umeek. Irteera: 09:00.
- Izena-ematea: www.zirkuitua.com web orrian.
- Azken eguna: apirilaren 8a.
- Aldagelak eta dutxak: Ondarreta ikastetxeko helmugan..
- Informazioa: Euskaldunako Kale Nagusiko egoitzan edo 943 592 232 telefono zenbakira deituta.
- Ordutegia: Asteartea eta osteguna, 19:00-20:30.