"Automozioa eta mekanika uztartuta sortu dut Ikai Vans"

Mikel Arberas 2022ko api. 1a, 10:17

Ibilgailuekiko zaletasuna barnean gordeta eduki du umetatik Iban Korrotxanok. Tabernan eta enpresetan lanean egon ostean, autokarabanen eta konponketen negozioa martxan jarri du.

Nolatan otu zitzaizun horrelako negozio bat sortzea?

Don Boscon automozio gradua ikasi nuen, eta urte luzez mundu horretan murgilduta egon naiz. Denek jakingo duzuen bezala, tabernan ere lanean aritu nintzen, baina bokazioa mekanika izan da. Familian ere arlo hori oso presente eduki dut. Gauzak horrela, automozioa eta mekanika uztartuta Ikai Vans sortu dut, Matxinea Balastrain industrigunean.

Horrelako negozio bat sortzeko ideia aspalditik dator ala bat-batekoa izan da?

Duela askotik ideia abstrakto bat nuen buruan, baina ez nekien zehazki zer egingo nuen. Nire kabuz sortutako eta jabetza propioko zerbait edukitzeko gogoa izan dut ia betidanik; gainera, nire zaletasunekin harreman estua edukitzea zen asmoa. Hasiera batean, negozioari forma eta itxura ematea kosta egin zitzaidan, baina, tira, aurrera egiten jakin dut.

Zaila izan da enpresa martxan jartzeko prozesua?

Luzea izan da. Hala ere, prozesuak ez du ezer interesgarririk, izan ere, gehiengoa burokrazia lanak izan dira: paperak sinatu eta kontuak egin.

Zein zerbitzu eskaintzen du Ikai Vansek?

Proiektu interesgarria eta polita dela esango nuke. Azken urteetan, autokarabanen eta furgoneta kanperizatuen erabilera asko handitu da, ibilgailu bereziak dira. Hari horri tiraka, bi zerbitzu eskainiko ditugu: batetik, kanperizatuen eta karabanen alokairua; bestetik, autokarabanen konponketa eta instalakuntza tailerra. Horrelako tailerrak egon badaude, baina dagoen eskaria kontuan hartuta eskaintza urria da.

Nolako ibilgailuak dituzu alkilerrean?

Batez ere autokarabanak. Kanperizazio mundua beste segmentu batean kokatuta dagoela iruditzen zait, nahiz eta gauza asko komunean eduki.

Nori bideratutako negozioa da?

Autokarabanak gustuko dituen edonori zuzendua dago, baina, bereziki, 35 eta 55 urte bitarteko pertsonak dira erabilera gehien emango diotenak; izan ere, adin horretan ekonomia-egonkortasuna handiagoa da eta familia giroan erabiltzeko ibilgailu egokiak dira.

Dei asko jasotzen ari al zara?

Lehen asteburuan hiru autokarabana alokatu zituzten eta Aste Santuari begira ibilgailu gehienak alokatzea espero dut; jada ibilgailu batzuk erreserbatu dizkidate. Hala ere, irakargiak ipintzen hasten naizenean, dei gehiago jasoko ditudala pentsatzen dut.

Tailerrari dagokionez, ahoz ahokoak oso ondo funtzionatzen du; ez daude autokarabanetan espezializatutako tailer asko, eta eskaria handia da.

Zein da Ikai Vans negozioaren aurreikuspena?

Lan asko egitea espero dut. Alokairua ziklikoa izango da; hau da, udan eta Aste Santuan sumatuko dut mugimendu gehien. Neguan, berriz, gorabeherekin. Aldi berean, tailerrak lana emango didala pentsatzen dut, arestian aipatu bezala, eskaria handia baita eta eskaintza txikia. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!