Nahiago zuten egindako keinua ondo amaitu eta isilean pasa. Baina bestalde, gizarteari mezu bat transmititu nahiak bultzatu die egin dutena publikoki aitortzera: guztion esku dago zerbait egitea Ukrainan edo munduko beste herrialdeetan gertatzen diren krisi humanitarioen aurrean. Ukrainako gerra eta giza tragedia galanta telebistetako pantailak betetzen hasi ahala, hunkituta geratu zen Joseba Maiza, gainerakoak geratu ginenen antzera. Nolanahi ere, errealitatea etsipenez begiztatu eta ezintasunez egonean geratu baino, nahiago izan zuen ekintzara jo errefuxiatuei laguntze aldera: “Ipurterre samarra naiz, eta egun batetik bestera erabaki nuen autoa hartu eta hara joatea; ukrainarrei eskua nola edo hala bota nahi nien, oso garbi eduki gabe, etxean hartzeko ala beraiek nahi zuten tokira eramateko izango ote zen. Egia esan, lehendik ere hartuta neukan esperientzia pixka bat Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuen kanpaldietan, mediku gisa aritu nintzenean”.
Maizak inguruko ezagunen artean zabaldu zuen burutaldia, ea nor zegoen prest bidaide izateko. Era horretan, Pepe Landa animatu zitzaion. “Nik ere sentitzen nuen premia elkartasuna modu praktikoan erakusteko; baina elkartasuna ez estatuei, herritarri baizik, azken finean horiek baitira estatu-buruek sortutako gerren biktima zuzenak”.
Horrenbestez, martxoaren 10ean, arratsaldean irten ziren biak; itzuli, berriz, martxoaren 14an goizaldera itzuli ziren. Guztira, 6.000 bat kilometro errepidean.
Andoaindik abiatu ondoren, 2.600 kilometro egin ostean Ukrainatik 25 bat kilometrora dagoen Poloniako Przemysl hirira iristea izan zen euren gogoa. Bidaia nahiko “abentura” bilakatu zela onartu dute. “Frantzia eta Alemania zeharkatzea zen gure asmoa, baina bidean nahastu egin ginen eta Txekia aldean ere ibili ginen. Bestalde, istripua ere eduki genuen, azeri bat aurrez aurre jo genuen eta ondorioz kolpe-leungailua eta erradiadorea hondatuta geratu ziren. Hori gutxi ez eta hurrengo goizean, izotzaren eraginez, autoaren lehen eta bigarren martxak bakarrik zebiltzan. Edonola ere, suerte onekoak izan ginen, autoa eguzkitan jarri eta halako batean motorra bere onera itzuli zen”.
26 orduko bidaia traketsaren bukaeran, noizbait heldu ziren Przemysl hirira. “Hipermerkatu handi baten antza hartzen zuen eremu batean zegoen errefuxiatuen harrera lekuak. Ukrainatik autobusetan, autoetan edo trenetan heldu ziren ehunka errefuxiatu egongo ziren bertan. Taldeka bilduta zeuzkaten euren destinoko lekuen (Portugal, Frantzia, Italia, Ingalaterra, Danimarka..) arabera sailkatuta, eskumuturreko identifikagarrien bitartez.
Autoan arropa eta sendagaiak zamatu zituzten Maizak eta Landak Andoainen. “Errefuxiatuei baliagarriak izango zitzaiezkiela uste genuen. Baina keba! Berehala ohartu ginen oinarrizko gauzak eskura zeuzkatela, eta nahiz eta gerra jasan ahalmen ekonomikoari dagokionez ez zirela gugandik gehiegi bereizten. Ez zuen zerikusirik Lesbosen Afganistango, Eritreako edo Siriako errefuxiatuei laguntzeko harrera guneetan nuen errealitatearekin”.
Landak jarraitu du Przemysl hiriko errefuxiatuen gunean topatu zuten errealitatea deskribatzeko orduan: “Desordena ordena batean” definitu zigun Valentziatik joandako boluntario batek; dimentsio handiko tragedia baten erdian egon arren, oso ondo antolatuta zeukaten dena, egia esanda”.
Errefuxiatu haien dramarik latzena zein den zehaztu digu Maizak: “geldi egonean, horma bati begira-begira, paralizatuta bezala, ordutan nola egoten ziren ikusten genituen; haien arpegietan agudo sumatzen zen jasaten ari diren esperientzia negargarria: bizitokia utzi egin behar izan dute, eta familia sakabanatuta geratu zaie, gizonezkoak frontean eta emakumeak eta haurrak ihesaldian. Etorkizuna, berriz, beltz ikusten dute; jaioterrira itzultzen diren egunean –baldin eta itzultzeko zortea badute–, inork ezin die ziurtatu familia osoa berriro bildu ahal izango dela, edota etxebizitza utzitako egoeran aurkituko dutela…”.
Uste baino zailago jendea ekartzea
Behin hara iritsita, autoan hiru pertsona ekartzeko borondatea agertzea izan zen Maiza eta Landaren helburu nagusia, agudo. Ustekabean, pentsatzen zutena baino gehiago kosta zitzaien beren asmoa agertu ahal izatea lehenbizi, eta azken muturreraino eramatea ondoren.
“Arraro samar begiratzen gintuztela sentitu genuen hango egonaldian; ezkutuko arrazoiak mugituta ariko bagina bezala. Gurekin harremanetan jarri zen boluntario batek argitu zigun asko eta asko emakume zurien salerosketan aritzen zen mafiaren beldur zirela, eta arrotzekin fidagaitz zebiltzala horrexegatik. Arrazoi hori justifikatua egon ala ez egon, maiz sentitu genuen errezeloz hartzen zutela gure presentzia, errefuxiatuek ez ezik baita boluntarioek ere. Bestalde, jakin genuenez, mafiaren funtzionamendua Espainiarekin lotzen zuten nonbait, aurrez gertatu omen zen gertakizun ilun bat zela medio. Gauzak horrela, etsia hartu genuen kasik; etxera laguntza praktikorik eskaini gabe itzuli beharko genuela pentsatu genuen”.
Azken saiakera gisa, nora joan argi ez zeukaten errefuxiatuen eremura hurbildu ziren batik bat. Eta kartel batean “Berlin, Paris, Espainia-San Sebastian” idatzi, eta hura eskuetan zutela hara eta hona ibili ziren biak. Batzuekin mintzatu eta besteekin mintzatu, frantsesez tarteka eta mugikorraren bidez ukraniarra itzuliz tarteka. Bada azkenean, hiru pertsonekin bidaia lotzea lortu zuten.
“17 urteko mutiko bat, 25 bat urteko emakume bat eta haren 5 urteko haurra, txakurtxo batekin, prestatu ziren gurekin bidaiatzera. Hirurek ere Portugal zeukaten buruan, sendia bertan zutelako; mutikoak aita zeukan han, eta harexeri telefonoz hots egin zion. Era horretan, aita hiruen bila Andoainera etorriko zela hitz eman zigun”.
Andoaingo bidean, azkenerako
Tramite guztiak lotuta, bostekotea errepidean abian jarri zen halako batean, ordu mordoko bidaia egiteko asmoz. “Hirurek isil-isilik egin zuten bidai erdia baino gehiago; ez zidan fidatzen gurekin. Amak haurrari ez zion guregana gerturatzen uzten, hankak luzatzeko geldialdiren bat egiten genuen aldiro. Kilometroetan barrena, baina, sendotzen joan zen gure arteko konfiantza. Andoainera heldu ginenean, aita zain geneukan. Hunkigarria izan zen besarkada, aita-semearena! Emakumeak, berriz, eskerrak emateaz gain dirua eskaini nahi izan zigun, berebiziko faborea egin omen geniolako”.
Poloniako joan-etorria egin zutela hogei bat egun pasa direlarik, atzera begira jarri dira berriro Maiza eta Landa. Horrela, gazi-gozotzat jo dute bizitutako eskarmentua. Asebeteta daude hiru errefuxiatuei lagundu dielako, nahiko argi daukate hurrengo batean, beste modu batera, hariak ondo lotuta eta antolatuta alegia, mugituko direla.
Elkartasuna adierazteko modua, erakunde antolatuen bitartez
Azken egunetan, Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak elkarlanean, 945 222 222 telefonoa jarri dute eskura, Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko etxea eskaintzen duten pertsonentzat. Baita helbide elektronikoa: errefuxiatuak@euskadi.eus eta zuzeneko harremanetarako egoitza Donostian, Zorroagako gaina 41ean.