Gainean daukagu Korrika. Azken uneko lanetan murgilduta?
Bete-betean lanean ari gara. Memento batzuetan gainezka egiten digu, baina, tira, sarritan esaten dudan bezala, ez da asko falta eta pasako da.
Zer moduz joan da kilometroen salmenta?
Egia esan, oso ondo. Andoaindarrek erantzun bikaina eman diote Korrikari. Ez dut ahozabala izan nahi, baina esango nuke orain arteko marka guztiak hautsi ditugula. 40 bat eragilek eramango dute lekukoa herrian eta 31 lekuko aldaketa egingo ditugu. Korrika bat baino giza-kate baten itxura handiagoa hartuko duela iruditzen zait. Ildo beretik tiraka, nabarmendu nahiko nuke, mota guztietako eragileek parte hartuko dutela; besteak beste, enpresek, kultura eragileek eta alderdi politikoek beste batzuen artean. Gainera, bost eragile berrik parte hartuko dute. Hau ikusita, argi dugu herriak Korrikarekin bat egiten duela.
Gogoa sumatzen al duzue kaleak hartu eta euskararen alde korrika ibiltzeko?
Ez dakit pandemiak eragin duen halako parte hartzean, baina, argi dago, herritarrak normaltasun apur baten beharrean daudela.
Antolatu al da ezer berezirik Korrika herritik igarotzen den egunerako?
Hainbat ekimen antolatu ditugu. Apirilaren 7an, 8an eta 9an bildu ditugu guztiak. Hilak 7an hasiko da herrian Korrika nabarmentzen; 18:00etan kalejira bat egingo dugu Plaza Moretik behera, eta hainbat geldialdi eginen dira. Helburua, lekukoa eramango duten horiek kalejiran parte hartzea izango da. Ekimena 19:00tan amaituko da Zumea plazan, eta, ondoren, petoen banaketari ekingo diogu. Ekitaldi horretan parte hartuko dute bertsolariek eta Goiatz Salvador musikariak. Ekitaldi luzea egingo ez dugun arren, orduerdi bateko gauza ikusgarri bat lotu nahi genuen. Apirilaren 8an 08:45ean Korrika igaroko da Andoaindik eta 10:30ean Korrika txikia egingo dugu. Hiru ikastetxeek parte hartuko dute bertan.
Apirilaren 9an, Kultura sailarekin batera, "Frontona" antzezlana ikusteko aukera izango da Goikoplazan.