Iturza janari-dendaren azken egunak

Xabier Lasa 2022ko api. 10a, 08:40

Iturza janari-denda apirilaren 30ean itxiko dute, betirako, erretiroa hartuko baitu Roxarito Iturraldek. Bittori Zabala Zalakain amarekin batera hasitako ibilbidea amaitzear da, 45 urteren ostean.

Bere ama Bittori Zabala hasi zen negozioarekin, 1977an. Roxaritori pena handia ematen dio ikusteak Andoain nola ari den hiltzen, merkatariz husten.

Gero eta egun gutxiago geratzen zaizkizu ateak ixteko…

Bai, hilabetea ere ez, eta apalak husten ari zaizkit, generoa saldu ahala. Aurten, 65 urte betetzen ditut, eta nahiko lan egin dudala iruditzen zait.

Pentsatu al duzu denbora nola igaro orain arteko eguneroko martxa bukatu eta gero?

Ordulariaren menpe ez ibiltzea izango da lehenbiziko gauza! Ba al dakizu zein alde dagoen bizitza honetan gauzak patxadaz edota ordulariaren presiopean egitearen artean? Senarra ere jubilatua dago, eta bioi oinez pasioan ibiltzea gustatzen zaigu. Eskulanek ere tiratzen didate eta izena emango dut ikastaroren batean. Bestalde, ahizparekin batera Urki taldeak antolatzen dituen dantza ikastaroetan aritzen naiz jausiak-eta ikasten eta barreak eginez tarteka. Eta hori uzteko asmorik ez daukat.

Zer esaten dizute bezeroek?

Pena hartzen dute, batez ere adinean aurrera dabiltzanak. “Zer egin behar dugu, hemendik aurrera?” galdetzen didate, eta nik erantzuten diet lasai ibiltzeko, auzoan bertan fruta-saltzaile jator askoa badaukatela, Marijose (Anaiak Fruta-denda), eta harekin ondo moldatuko direla. Horietako batzuek telefonoz hots egitera ohituta dauzkat, enkarguak etxera eramaten dizkiet. Zer nahi izaten duten ondo dakit, eta kasik ez daukate hau eta beste aipatu beharrik ere.   

Esker oneko hitzak izango dituzu bezero askorekin.

Bai, noski! Gogoz estimatzen diet, dendarekin eduki duten fideltasunagatik. Harreman polita sortu da urtetan zenbait bezerorekin. Eguneroko gauzak konfiantzan kontatu izan dizkiogu elkarri, eta, azkenean, psikologoen kontsultaren antzekoa bilakatu da gure denda. Nik haien berri izan dut, baita haiek nirea ere! 

Egin kontu, gure amak 1977an, denda ireki zuenetik, hiru belaunaldi ezagutu ditugu. Garai horretan eraiki zen auzo hauxe, lehenbizi Poligono 17 deitu ziotena. Espainiako barruko (Andaluzia, Extremadura, Galizia…) etorkin ugari heldu zen Andoainera; gazte ezkonberriak ziren eta asko auzo berrian jarri ziren bizitzen, eta familia eduki zuten. Orduan ume zirenak ezkondu eta horien umeak ere hazi dira. Hiru belaunaldi ezagutu ditugu, beraz. Oraindik ere badira bigarren belaunaldiko batzuk, dendara etorri, eta gogorarazten didatenak txiki-txikiak zirela nola etortzen ziren goxokiak erostera, eta duro batekin nola egiten zuten mostradorean kas-kas! 

Amak ireki zuen denda.

Bai, amak –Bittori Zabala– , hasieran, gozoki denda ireki zuen. Senarra oso gazte hil zitzaion, eta, badakizu, egun, alargun pentsioak ez dira handiak, eta, orduan, gutxiago! Berak, 51 urte izanik, etxean ez zuela geratu nahi esaten zigun, eta, horrela, gozoki-denda irekitzera animatu zen. Ordurako, Antonio bere anai batek kale berean Galardi arraindegia martxan zuen. Izan ere, berez, zabalatarrak Galardi baserrian jaioak ziren, egun haurtzaindegia dagoen horretan. Baserriaren izena jarri zion anaiak arraindegiari.

Bien bitartean, ni Laborde lantegian aritzen nintzen. Krisian sartu zen 70eko hamarkadaren azken aldera, eta itxi egin zuten azkenean. Amarekin dendan hasi nintzen orduan. 1984an, goxoki-denda janari-denda bihurtzea erabaki genuen, eta horri eutsi diogu geroztik.

Iturza janari-dendaren izenaren jatorriak ere badauka bere istoriotxoa atzetik.

Abizen propioa dela uste du jende askok, baina ez da hala. Iturralde Zabala da gure familia, eta bi abizen horiek batzetik sortu genuen “Iturza”. Kale honek izenik ez zeukala-eta, azken urtetan, Joxe Mari Iturzaeta pilotaria izendatzea erabaki du Udalak; kasualitate hutsa izan da, biren arteko antzekotasuna.

Baratzeko produktuekin nabarmendu da zure denda.

Bertako baratzeko produktuen salmentan bereiztu gara, bai; izan ere, azken batean, bestelako elikagaiak antzekoak dira janari-denda batetik bestera. Buruntza auzoko gure etxeko baratzean senarrak letxuga landu du, batik bat, eta gainerako barazkiak, sasoian sasoikoak, Martutene, Ergobia, Altza eta Lasartetik ekarri izan ditugu. Orain jarri da modan 0Kilometroaren marka, baina guk hasieratik praktikatu izan dugu, beste denda txiki ugariren antzera. Bezeroek estimatzen dute jakitea erosten ari diren horrek bertan duela jatorria. 

Denda txikiek ez daukazue erraza, are gutxiago janari-dendek.

Gaizki eduki dugu beti herriko merkatariek, izan zergak, izan fakturak, izan saldu gabeko edo hondatutako generoa… Dena izaten da buruhaustea autonomoentzat, eta, azken aldian, are gehiago; zer esanik ez janari-denda txikiontzat! Ixtera kondenatuta daudela ematen du. Tristea geratzen da oso gertuko tratua emango dizun denda txikirik gabeko auzoa; horrelaxe bukatu du Andoainek denbora askorik gabe, huts-hutsik, hila, eta orduan hartuko dugu pena galanta!

Grazia ematen dit Udalak nola zabaldu duen kanpaina, “Han edo hemen” kontsumitzeko gomendatuz. Nahi adina hipermerkatu handi irekitzeko baimenak eman ondoren hasten dira horrela… Gainera, gurea dena da argia, nondik ekartzen ditugun jakiak, non ordaintzen ditugun zergak, nora doazen irabaziak, non kontsumitzen dugun geuk merkatariek… Merkatalgune handi horien kontua, ordea, ba al daki inork garbi?

Lokalarekin zer egiteko asmoa daukazu?

Salgai edo errentan jarriko dut; nahi nuke baten bat animatuko balitz, dendarekin jarraitzea, baina zaila dago kontua. Irtenbide errazago ikusten dut bestelako zerbitzuren bat eskainiko duen komertzio batentzat; auzoan, esate baterako, tatuajeen eta masajeen zerbitzuak ireki dituzte azken aldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!