Bi harriekin “Santa Krutz Harri Txikien I. Txapelketa” antolatu dute Bekoplazan apirilaren 29erako, arratsaldeko 19:30ean. Mistoa izateaz gain herrikoia ere izango da lehia, normalki plazetan ibiltzen ez diren kirolarientzat bideratuta, alegia.
Harri bakoitzarekin ezaugarri desberdinak jarri dituzte. 40 kilokoari dagokionez, denbora jakin bat jarriko dute nahi adina edo ahal adina txandatan altxa ahal izateko. 80 kilokoarekin, berriz, denbora libre izango da.
Bi harriak Bekoplazan ipini, eta hortik aurrera, abilidadea libre harri-jasotzaileentzat! Nolanahi ere, aurretik bi harriekin probak egiteko aukera edukiko dute parte-hartzaileek. Horretarako, zenbait egun zehaztuko dituzte apirilean zehar. Harriak Goiburu auzoko Talai baserrian daude, eta hara joan beharko dute probak egitera.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, 677 153 422 telefonora hots egin beharko dute lehenbizi, harria menperatzeko gogoz dabiltzanek. Gaineratu dutenez, joan den igandean lehenbiziko deialdia egin zuten, eta zazpi lagun agertu ziren Talai baserrian. Hurrengo deialdirako lagun gehiago espero dituzte, edo behintzat horretara animatzeko gonbitea luzatu dute, “azaldu eta probatu; gutxieneko teknika erabiliz gero, ez da zaila mendean hartzea. Igandean saiakera egin zutenek, txikiena behinik behin, erraz jaso zuten!”.
Euskal Herrian tradizio handia dauka tokian tokiko harri traketsa altxatzearen desafioak. Erreka zuloetan-eta topatutakoak dira harri traketsak. Baldarrak eta bihurriak izaten dira, eta normalki zailak dira altxatzen; jasoaldi gutxi egiten dituzte horiei heltzen dieten harri jasotzaileek. Jaietan edo egun seinalatuetan plazaratzen dituzte, ea nor animatzen den bizkarrera eramatera.
Amezketako Albitzuri Andi da zaharrena eta ezagunena ziurrenera, baina beste hainbatek badaukate urtetako ibilbidea egina.
Makina bat harri trakets
Hona Euskal Herrian barreiatuta dauden zenbait harri ospetsu: Amezketako bi harriak (Albitzuri Andi 154 kg., eta, Altziko Harria 140 Kg.), Igeldoko Harria (134 kg.), Aldaba Harria (130,3 kg.), Etxauriko Harria (136,5 kg.), Elgoibarko Harriak (Belaustegi Harria 146 kg., eta, Mintxeta Harria 125 kg.); Aiako Arrautza Harria (154 kg.)…