[Postontzia]

Andoaingo Udalari oroimenak huts egiten dio

Andoaingo Abesbatza Errepublikanoko ahotsak 2022ko api. 12a, 08:00

Pertsona guztioi kostatzen zaigu oroimena astintzea urteen joanean, baina espero dugu erakundeek eta, kasu honetan, Andoaingo Udalak gogoraraztea ahaztuta geratu behar ez duten gertaerak.

Otsailaren 28an, Andoaingo Abesbatza Errepublikanoak Udalari, II. Errepublika (1931-1939) gogoan hartzeko, bandera errepublikano udaletxeko balkoian jartzeko eskatu zion, eta azkenean erantzuna jaso dugu. EZ du baimenik eman jartzeko. Beldur ginen bi gauza gerta zitezkeela: lege-arrazoi eztabaidagarriak eta, lotsagarriena, inolako borondaterik ez. 

Saharako banderak ere ez dauka aitormenik nazioarteko ezein erakundetan, baina balkoian jartzen da, babesa adierazteko herrialde horren kausari. Halaber, balkoi horretan Realaren, LGTBIaren eta Feminismoaren banderak zintzilikatu izan dira (eta txalotzekoa da). Hortaz, zergatik ez zaio berdin begiratzen Errepublikaren banderari? Neutraltasun politikoaren printzipioa alegatu dute. Neutraltasun politikoa?

Bandera errepublikanoa ez da Gerra Zibilaren sinonimoa, oker zaudete. Askoz harago doa. Udal hauteskundeetan garaile zen erregimena izan zen, eta berarekin askatasuna eta garapen demokratikoa ekarri zituen. Garai hartan, demokrazia aurreratuaren oinarriak ezartzeko bide bakarra zen; gure “Iraultza” partikularra izan zen, bere garairako aurreratutako balioak inspiratu zituena: giza eskubideen eta arlo publikoaren defentsa unibertsala; bereizketarik eta noblezia-tituluen aitortzarik ez; berdintasun soziala, independentzia judiziala; laikotasuna eta Elizaren injerentziarik gabeko irakaskuntza publikoa; eta, era berean, gerrara jo gabe auziak konpontzeko benetako borondatea (1931ko Konstituzioko 6. artikuluak zera dio: “Gerrari uko egitea, politika nazionalerako tresna gisa”).

Pentsatzen dugu Udalari eta, bereziki, une honetan hura gobernatzen dutenei oroimenak huts egiteaz gain, oroimena egitea ere kosta egiten zaiela. Ez zaie komeni. Udalaren gelditasuna sumingarria da mugimendu memorialistaren aurrean, eta trantsizioa inokulatu zuen amnesia kolektiboari laguntzeko ez ezik, baita ere frankismoaren bidegabekeriak zein haren inguruan isiltasun-ituna ahazteko. Udalak, gobernatzen duenak gobernatzen duela, bere azken 20 urteetan memoria historikoaren alde ezer gutxi egin du (“ezer gutxi” hori itxaropen apur batekin ikusi nahiko genuke). Uste dugu askoz gehiago egin dezakeela 36ko gerratik, diktaduratik eta ondorengoetatik bizirik atera zirenen eskakizun moral bati erantzuteko. Oroimena berreskuratzea behar-beharrezkoa da edozein herritan bake iraunkorra eraikitzeko. 

Eta orain zer?
Iraganik gabe ez dago etorkizunik. Andoaingo Udala osatzen dutenek, alkatearengandik hasita, gure aurrekari demokratiko hurbilena, Errepublika, aitortu behar dute. Bandera balkoian 24 orduz jartzen utzi izana urrats egokia izango litzateke duintasun demokratikoan sakontzeko, eta aldi berean, Errepublika eta haren balioak hainbeste defendatu zituzten gure andoaindarrei omenaldia eskaintzeko.

 

Sinatzaileak:

Joaquín Pavo Tena, David Gutierrez Terrones, Maripi Arruiz, Javier Montes Muñoz, Patxi Xabier Olazabal Eceiza, Juana Blanca Sánchez, Miren Ansa Etxeberria, Sara Otaño, Xabier Sánchez Astigarraga, Joxe Juakin Esnal Escudero, Itziar Martiarena Lizarezu, Luis Ramón Ariztimuño Amas y Esther Imaz Iribarren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!