Andoainen gogoan dauzkate frankismoaren biktimak

Aiurri 2022ko api. 11a, 13:54

2004an hasita, urtez urte, frankismoa modurik latzenean sufritu zuten andoaindarren oroimena bizirik mantentzen du Oroituz elkarteak Etxeberrieta auzoan, antolatzen duen ekitaldiak. “Goiztirian, arimaren garrasia” eskulturaren aurrean, dantzariek, txalapartariek, bertsolariek, oroimen elkarteetako kideek eta musikari eta abeslarien Banda Errepublikanoek bat egiten dute biktimekin eta horien senitartekoekin. Kronikaz gain, ekitaldiko hainbat une, bideoz ikusgai:

Ekaitz Ollo eta Jon Urtasun Maizorri txalaparta eskolako kideek eman zioten hasiera ekitaldiari, ttakun ttan ttakun hotsa zabalduz Etxeberrieta auzoan.

Segidan, Andoainen modu batera edo bestera zapalketa frankista sufritu zuten herritarrei eta horien senitartekoei aldeko aurreskua dantzatu zuten Urki dantza taldeko Ainhoa Mujika eta Koldo Antolinez dantzariek Fernando Gonzalez txistulariarekin.

Lore eskaintzan, bereziki erail eta desagerrarazi zituzten Andoaingo 25 lagunak izan zituzten gogoan, bereziki: Kruz Aldasoro, Jose Amilibia, Migel Amondarain Zumeaga, Secundino Anton, Jose Arana, Faustino Aldaz, Antonio Aranzabal, Pio Arzallus, Bonifacio Etxebeste, Patxi Fernandez, Nemesio Fernandez, Ambrosio García, Juan Antonio Irulegi, Casiano Izquierdo, Jose Lasa, Jose Mari Monge, Bautista Martinez, Gregorio Martinez, Antonio Melendo, Julio Melendo Antón, Esteban Olalde, Sixto Prestamero, Blas Rubio Peña, Biktor Sarasketa eta Migel Urretabizkaia Gereño.

Hogeitaseigarren lore-sorta erantsi zuten ekitaldira, eta hori, beste herrietatik Andoainera ekarrita bertan erail zituzten pertsonen oroigarri gisa eskaini zuten eskulturan.

Ondoren, Beñat Beloki, Punttuka bertso eskolako kideak bi bertso kantatu zituen.

 

Memoria taldeen etsipena

Oroituz eta Usurbil 1936 memoria elkarteetako ordezkariek hitz hartu zuten ekitaldian.

Lurdes Arteaga Oroituz, Andoainen elkarteko kideak aurkeztu zuen ekitaldia, eta memoria historiko antifrankista aztergai izanda azken aldian Madrilgo kongresuan hartu dituzten zenbait erabaki hizpide hartu zituen, modu kritikoan hartu ere hizpide: ”Espainian inoiz izan den gobernurik progresistena agintzen ari dela adierazi izan digute azken aldian, eta egia esango badizuegu, horrek itxaropen izpi bat eragin zigun memoria historikoaren arloan gabiltzan elkarteei. Baina azken aldian gertatu diren albisteek, argi uzten digute gauzak ez direla aldatu, Franco hil ondoren 1978ko erregimena hitzartu zuten botere faktikoek -politiko, ekonomiko eta mediatikoek-, indartsu segi nahi dutela agintzen, beren pribilegioei uko egin gabe, alegia”.

Kongresuan gertatutako hiru gertakizun aipatu zituen Oroituz elkarteko kideak, talde memorialistek sentitzen duten etsipena arrazoitzeko. Juan Carlos emeritoarekin zerikusia du lehenbizikoak.

“Iazko maiatzean, zenbait alderdik ekimen bat aurkeztu zuten, bere garaian Franco diktadoreak, hau da, Juan Carlos Borboiak, hainbat hamarkadatan arma-trafikoan eta gainerako negozio uherretan parte hartu zuelako ezarri zuena ikertzeko. PSOEk eskuinekin bat egin zuen, proposamena, enegarrenez, baztertzeko”.

Aurtengo martxoan, Sanchez presidentea eta bere alderdia eskuinarekin berriro elkartu izana salatuz jarraitu zuen Arteagak: “frankismoko krimenak ikertzeko atea ireki zezakeen Zigor Kodea erreformatu nahi zuen ekimenaren aurka egin zuten. Ez dezagun ahaztu erreforma horrek bidea erraztuko lioketela hainbat herrik (Andoain, tartean) frankismoaren aurka aurkeztu duten kereilari”.

Andoaingo kereilak Auzitegi Konstituzionalaren erantzunaren zain jarraitzen duela gogorarazi zien entzuleei Oroituz elkarteko kideak.

Kongresuak sekretu ofizialen gaia aztertu izana ere mintzagai izan zuen Arteagak, azkenik: “legealdi honetan zehar, talde sozialistak ez du interes handirik azaldu Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko. Gogora dezagun Francok duela 53 urte ezarritako arau bat dela, eta, horren bidez, ezinezkoa dela garai historikoei buruzko dokumentu eta artxibo ofizialak eskuratzea, hala nola 1936ko kolpearen ondorengo errepresioa, 1981eko otsailaren 23ko kolpea, edo «terrorismoaren aurkako borroka» deiturikoa. Duela gutxi, Espainiako gobernua lege horretaz baliatu da, esate baterako, Intxaurrondoko ziegetan hildako Mikel Zabaltzaren kasuari buruzko dokumentuen desklasifikazioa ukatzeko. Azken batean, egia jakiteko eskubidearen aurka egindako legea da hauxe. Egin kontu, beste 25 urte itxaron beharko ditugu, hau da, 2045era arte, Billy el Niño komisario sadiko torturatzailearen espediente pertsonala eskuratu ahal izateko”.

 

Usurbil 1936 elkartea, “galtza bete lan”

Arantxa Manterola eta Ion Martin Usurbil 1936 elkarteko kideek gonbidatu gisa parte hartu zuten ekitaldian. Sortu berri samarra da elkartea, adierazi zutenez, eta “galtza bete lan” dabiltzala aitortu zuten: “Orain urte eta erdi ekin genion memoria berreskuratzera, ahal den neurrian, 1936ko kolpe militarrak eragin zituen hildakoen, zaurituen, atxilotuen, desagerrarazien, erbesteratuen, anaiak arreben kontra borrokatzera derrigortuen…, eta beste hamaika sufrimendu mota pairatu behar izan zituztenen aztarnak ezagutarazteko ekimenera”.

Usurbil 1936 elkarteak une honetan zeintzuk diren eskuartean dauzkan ekimenak zehaztu zituzten Manterolak eta Martinek. “Errepresioa jasan zutenekin eta beren ondorengoekin elkarrizketak burutzen ari gara eta baita artxibo ugari arakatzen. Web orri batean zabaltzen joango gara informazio guztia. Bestalde, biktimen aldeko ekimen publikoak antolatzea ere pentsatua daukagu. Ildo horretan, iazko irailean ekitaldi nagusia egin genuen herriko plazan, eta duela egun gutxi, Aginan bigarren ekitaldi bat antolatu genuen. Aurrerantzean, besteak beste, faxistek Usurbil hartu eta agudo erail zituzten zazpi herritarren memoria kontuan hartu nahi genuke; eta hari beretik, Usurbilko herrikideak nahiz kanpokoak exekutatu zituzten lekuetan oroigarriak jartzeko asmoa ere daukagu”.

Usurbil 1936 elkarteko kideek uste osoa daukate geure historia jakiteak "gizarte demokratikoagoa, kohesionatuagoa eta bakezaleagoa" egiten duela. “Urte luzeetan hain ezkutuan egondako historia argitara ematea, eta memoria era inklusiboan landu eta azaleratzea denon bete beharra da. Memoria bizirik mantentzea, halako desmasiak berriro ez errepikatzeko dagoen bitartekorik hoberena da. Eta ororen gainetik, justiziazkoa da horrenbeste sufritu zutenen bizipenak ahazturan gera ez daitezen saiatzea. Izan ere, izan zirelako, gara!”.

 

Kantutegi aldarrikatzailea

Joxe Mari Oiartzabalen zuzendaritzapean, Banda Errepublikanoak kantutegi antifaxista eta borrokalaria (Grandola Vila Morena, Eusko Gudariak, Bela Ciao, A las Barricadas…) eraman zuen Alfaro parkeko ekitaldira, urtero duen legez.

Besteak beste, Oiartzabalek berak Andoaingo biktimak gogoan hartuta konposatutako Justizia abestia interpretatu zuten.

Emanaldian zehar, eta Grandola Vila Morena abesti enblematikoari ekin aurretik, Bandako kide Jokin Pavok, Portugalen 1973an gertatu zen “Krabelinen Iraultza” hizpide izan zuen. “1926az geroztik portugaldarrak Oliveira Salazarren diktadura pean bizi ziren, eta 1973ko apirilaren 25ean, ejertzitoko hainbat kapitanek bat egin zuten askatasunaren gosez zegoen gizartearekin. Era horretan, fusilen muturretan krabelinak ipinita, diktadura eraistea lortu zuten guztiek ere bateginda. Haien omenez, Jose Afonso abeslariak abesti hori sortu zuen”.

Aldi berean, azken aldian hildako Bandako lau kide hartu zituen gogoan Pavok, hots, Jone Aldaz, Pako Bidasoro, Luxio Aranburu eta Jose Luis Fernandez Fitero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!