Pandemiak aurrez gazteek bizi duten egoera negargarria larriagotu besterik ez duela egin adierazi dute. Egoera salagarri horri buruzko hainbat ezaugarri zehaztu dituzte: "Langabezia estrukturala, bizitzaren garestitze orokorra, gaixotasun mentalen igoera neurrigabea gazteongan, inguratzen gaituen kultura dekadentea, eta osasungintzaren kolapsoa, eta abar".
Euren iritziz, egoera horren erredunak zeintzuk diren aipatu dute: "enpresari handiak, oligarka finantzieroak, komunikabideak, alderdi politiko guztiak... Zuek onartzen ez baduzue guk esango dizuegu: zuek zarete guzti honen erantzule".
Antolakuntza komunistaren beharra ikusten dute egungo arazoei irtenbidea emateko. "Historiak emandako ikasgaiei kasu eginik, langileariaren programa historikoarekin bat egiten dugu. Zapalkuntza ororen aurkako, eta langileriaren askatasun eta klase gabeko gizartearen aldeko borroka da gurea".
Hainbat ekitaldi, egunean zehar
Ekitaldiz betetako “Aurre Santakrutzak” egitaraua prestatu dute egun osorako antolatzaileek: 14:00etan, bazkaria Andoaingo gaztetxean; 16:00etan, bertso-rap erakustaldia Cruzero, Edu, Maide Garmendia eta Igauri Lopetegirekin; 17:30ean, Elektrotxaranga; 20:30ean, gaztetxearen ate irekiera eta afarimerienda; 21:00etan, ekitaldia; 22:00etan, kontzertuak, Igitaia eta Habemus Papam taldeekin, eta ondoren, herriko DJakin saioa.