Jaiak normaltasunez eta berdintasunean gozatzeko, ekimenak

Aiurri 2022ko api. 26a, 18:33

Udal ordezkariak eta berdintasun teknikaria herriko zenbait gizarte eragileekin batera, aurkezpen egunean

Eraso sexistak prebenitzeko herriko jaietan abian jarriko diren hiru ekimen aurkeztu zituzten udaletxean, astelehenean: herriko jaietan eraso matxistei aurre egiteko urratsak jasotzen dituen protokoloa, "Puntu moreak" (jaietan informazio puntuak), eta, salaketak egiteko 112ko aplikazioa.

Maider Lainez alkateak, Petri Romero Berdintasun Saileko zinegotziak eta Sandra Barrenetxea berdintasun teknikariak aurkeztu zituzten ekintza zehatz horiek.

“Baietz gabe, ezetz da” da herriko jaietan eraso matxistei aurre egiteko urratsen protokoloaren leloa. Eraso bat jasan duenarentzat zein eraso baten lekuko izan denarentzat pentsatuta dago batik bat, eta herriko jaietan jarriko da abian.

Halaber, herriko jaietan, “Puntu moreak” ezartzea da iragarri zuten bigarren ekintza. Informazio guneak izango dira, eta eraso sexistak prebenitzearen inguruko informazioa helarazteaz gain erasoren bat jasanez gero hara joateko ere balioko du.

Larrialdi-zerbitzuei lotutako 112ak berarekin daukan aplikazioa ere gogorarazi zuten udaletxean egin zuten agerraldian. APPak  “sexu-erasoa” edo “segurtasun-bidea” botoiak eskaintzen ditu, eta aplikazio hori nola deskargatu azaltzen duen esku-orria kaleratu dute. Tresna hori jaietan ez ezik, edozein momentutan erabili ahal izateko tresna da.

112ko APPak larrialdi-zerbitzuei abisatzeko aukera ematen du, deia aktibatzen duen pertsona urjentziaz geolokalizatuz, baita ahotsik gabe ere.

Agerraldian adierazi zutenez, “indarkeria matxistak galarazi egiten du emakumeok espazio publikoa askatasunean gozatzea, deserosoak, mehatxagarriak edo arriskutsuak ere egiten zaizkigu egoerak sortuz. Normalean, bakarrik egiten diegu aurre egoera horiei, edo gure ingurune hurbilenaren laguntzarekin. Horregatik, Andoaingo udaletik uste dugu ez dagoela inolako tresnarik soberan ildo horretan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!