Kanpezuko kanpaldien urrezko ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Irune Alfonso 2022ko mai. 6a, 07:00

Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko Kanpezuko kanpaldien 50. urteurrena beteko da aurten eta horren arira, K50 argazki erakusketa izango da ikusgai Basteron, maiatzaren 6tik 28ra.

Xabier Huitzi eta Igor Bere Komisioko kidea eta kanpaldiko arduraduna dira.

 

K50 Argazki erakusketarekin zer erakutsi edo transmititu nahi duzue?

Xabier Huitzi: Bilakaera azaldu nahi dugu; nola hasi ginen eta nolakoak ginen 1972. urtean. Mundua zuri beltza zen, gu ere zuri beltzak ginen… Kanpezura lau gauza hartuta joan ginen. Urteekin, esperientzia hartu dugu, ikastaroak egin ditugu, hobekuntzak egon dira, eta hori guztia erakutsi nahi dugu. Zer den eta zer izan den adierazi nahi da. Gauza asko aldatu egiten dira, baina hango zentzua ez da aldatu, aisialdi hezitzailea eskaintzen jarraitzen dugu.  

Argazkiez gain beste zer elementu agertuko da erakusketan?

I.B.: Argazki formatuaz gain, beste elementu batzuk erabiliko ditugu. Bideoren bat egongo da, izan ere, pertsona horiek guztiak argazki erakusketa batean ez dute euren burua aurkituko. Oso zaila da guztia laburbiltzea, baina, pertsona orok, bere oroimena bilatu beharko du. Agian ez da bera agertuko, baina bai bere urtea, edo berak egindako ekintza hori... Hamarkada guztiak biltzen saiatu gara. Gainera, kanpaldiko bertakoak diren elementu batzuk ere jarriko ditugu, kanpaldira gerturatu edo sartuko zaituztenak.

X.H.: Detaile esanguratsuak daude bertan eta horiek ekarriko ditugu erakusketara. Iturri oso esanguratsu bat, kazuela batzuk eta sua, motxila batzuk... hainbat elementu, kanpaldi giroa sortzeko eta barrura eraman zaitzan.

Aisialdi hezitzailea aipatu duzu, ondo pasatuz eta jolasen bitartez asko ikasi daiteke. Zein balore transmititzen dira kanpaldian?

Xabier Huitzi: Aisialdi hezitzailea eskaintzen dugu, gaur egun dagoen beste era bateko aisialdia, mugikorrik gabe eta naturarekin zuzen-zuzenean loturik dagoena. Horrelako kanpin-dendarik etxean askok ez dute edukitzen, batzuek lo-zakuak ere eskatu egin behar izaten dituzte, horrenbestez, esperientzia kolaboratiboa dela esango genuke. Bertan dagoen jendearekin kolaboratu behar duzu bestela galduta zaude.

Euskaraz jarduten jarraitzea. Ikasle asko ditugu etxean ezin dutenak euskaraz hitz egin eta kanpaldi honen bitartez, udaran, beste 15 egunetan euskaraz hitz egitea bermatu dezakete.

Ohituta ez gauden inguru batean bizitzeko esperientzia. Egia da, kanpaldia egiteko modua aldatu da, eboluzioa eman da: estalpe bat egin dugu; lehen lurrean egiten genuen lo, eta orain beste modu batera goaz, baina, ez erosotasun handiekin. Esperientzia gordina da, eta gordintasun hori babestu nahi dugu, ez dugu etxerik egin nahi. Horrela izanik, kanpaldiak izugarrizko arrakasta du.

Igor Bere: Hango inguruak guztia baldintzatzen du. Bertan jolas bat egiten duzunean, basoan izaten da eta horrek ja, berezi egiten du ekintza. Hori gauza guztiekin gertatzen da, lekua bera baita berezi egiten duena. Esperientzia honen bitartez, hainbat balore transmititzen dira: eskertza; goizean goizetik ikusten dituzte sukaldariak lanean, eta, sukaldariei "egun on", edo "eskerrik asko" esatea nolabait balore bat da. Bertan hezitzaileak eta sukaldariak bakarrik daude, gurasorik gabe daude haurrak, hortaz, autonomia ere lantzen da. Xabierrek aipatu duen bezala, lan kooperatiboa ezinbestekoa da. Bertan taldeka egiten dute lan, horrela, taldeko harremana, elkarrekin lan egitea eta elkarrekin komunikatzen ikasten dute, bata bestearengandik ikasiz.

Boluntarioen bitartez egin du aurrera kanpaldiak, eta 50 urte asko dira…

X.H.: Hori azpimarratu nahi nuen nik. Ez dakit hara joaten diren pertsonak bereziak diren, edo hara joateagatik naturarekiko, birziklaplenarekiko, militantziarako eta boluntario mundurako griÒa pizten zaien. Batzuk "desengantxatu" egin behar izaten dute.  

I.B.: Han denak ari dira zuretzat lana egiten, baita zure lagunak ere. Esperientzia honekin, haur gisa joaten diren pertsonak, ondoren, hezitzaile izan nahi dute, eta jarraitu egiten dute kanpaldiekin lotura izaten. 

X.H.: Musu truk egiten dugu lan. Inork ez du dirurik irabazten hemen lan egiteagatik. Jendeak bere laneko oporrak hartzen ditu kanpaldira joateagatik. Hori babestu egin beharra dago, gaur egun, gauzak asko aldatzen ari dira eta.  

Ehunka aurpegi, bizipen eta historio igaro dira Kanpezutik…

X.H.: Kanpaldia inoiz ez da berdina izaten, batez ere, ikasleak, desberdinak direlako. Jolas bat antolatzen duzunean, ikasle batzuekin ez duzu asmatuko eta momentu horretan aldatu egin behar duzu pentsatu duzuna, malgutasunarekin jolastu behar da. Uneoro sortzen eta berritzen zabiltza eta horrek ere egiten du erakargarri.

I.B.: Gurean ez dago ezer. Kanpaldian guztia muntatu behar da ondoren, sukaldea izan dezagun, komunak izan ditzagun, baita dendak muntatu lo egiteko ere...Hori guztia edukitzeko, jende askoren artean egin behar da, guztia muntatu eta martxan jarri.

50 urte igaro dira, bataz beste, 150 haur joan direla esango genuke, hori 50 urtetan 7500 pertsona dira... Batzuk errepikatuz, noski.

X.H.: Eta hori haurrak kontatuta soilik. Gero, sukaldariak daude, mantentze lanak egin dituzten guztiak...

Zein ekarpen egin dio Kanpezuko Udalekuak Andoain herriari?

I.B.: Andoaindar pila batek hartu du parte boluntariozkoa den esperientzia honetan eta hango bizipenak gaur egun, oraindik, jende askok gogoratzen ditu. 

Euren bizipenak, esperientziak, magikoak dira, barruan zerbait berezia geratzen zaizu, beraz, hango esperientzia hori oso indartsua dela pentsatzen dut. Kanpaldiko kutsu hori betirako geratzen zaizu; lehenengo gauak bakarrik, lehenengo oporrak lagunekin, edo zure lehenengo eguna gurasorik gabe, lehenengo erabakiak…

Etorkizunik ba al du Kanpezuk?

X.H.: Beste hainbat urtetan jarraitzea espero dugu. Ahalegin guztia egiten dugu hau amaitu ez dadin. Nahiz eta ikasleak asko aldatu, eta bilakaera izan, aipatutako espiritua eta esentzia ez da aldatzen, eta hori etorkizunerako ere gakoa izango da.

I.B.: Gaur egun, ez daude kanpaldi asko eta 50 urte dituztenak, are eta gutxiago. Horregatik jarraitu nahi dugu "Miloi bat izarren hotela" izaten. Badakigu zaila dela, batez ere kanpaldia aurrera ateratzeko dagoen lan guztiagatik, baina egundoko ekarpen positiboa da. Garrantzi handia du jarraipena emateak.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!