Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren edizioa aurkeztu dute

Aiurri 2022ko mai. 4a, 11:55
Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendaria eta Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordea

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta, urtero moduan, lehiaketaren gaineko xehetasunak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzarekin batera, azken horrek Donostian duen egoitzan egindako prentsaurrekoan.

XXXIV. edizioa da aurtengoa eta, orain hiru urte hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, alegia, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du. Alabaina, finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana. Azkenik, irabazleak nortzuk diren azaroaren 30ean jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean
izango den sari-banaketa ekitaldian.

  • Kazetaritza saria: 2021ko irailaren 16tik 2022eko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.

  • Komunikazio saria: euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenak. Betiere, 2021ko irailaren 16tik 2022eko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko da nahitaez. Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. “Komunikazio saria” ere 9.000 eurokoa.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Hautagaien aurkezpena

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 16ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Bestalde, Epaimahaia ondorengo kideek osatuko dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea eta komunikazioan aditua), Miren Gabantxo (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!