"Gora Santakrutzak!", Irati de la Revillaren eta Jon Iturralderen oihu ozena jaiaren aldeko gonbitea izan zen. Zuzena, indartsua eta bizipozez betea. Lehenago haurrek eman zioten hasiera jaiari, Zumea plazan. Ostiralean hasita eta bost egunez Andoaingo herrigunea jaia nagusitu da. Dozenaka ekitaldi antolatu dira, ehunka lagunek parte hartu dute eta ez da zorigaiztoko gertaerarik izan. Eta, gainera, euriterik gabeko egunak izan dira. Beraz, aurrikuspen onenak gainditu direla esan daiteke.
Festaz gozatzeko gogoa
Lebitonen konpartsaren atzean, pregoilariei begira edota Bekoplazako emanaldietan festarako gogo bizia antzeman da jaietan. Pandemia tarteko izan bada ere, egitarauan klasiko ziren hitzordu gehienak biziberritzeko gogoa zegoen. Horien artean, janari eta edateari loturikoak. Bakailao txapelketa, sagardo dastaketa, talo jatea eta txakolin dastaketa horren adierazle izan dira. Pintxo lehiaketak ere herrikide askoren arreta bereganatu zuen, sareetan asko eta asko izan baitira Hiru jatetxekoak zoriondu dituztenak. Egunez ekitaldi asko izan dira, eta horien artean haur krosa eta harri jasotzaileen desafioa izan dira ikusleen aldetik nabarmenenak. Musika emanaldiei dagokionez, Alargun Beltzak eta Zozongo taldeen kalejirak ikusle askoren gogoko izan ziren. Gauez, berriz, Gozo Gozo eta Ingo al deu? taldeen emanaldiak bikainak izan ziren.
Astearte iluntzean, hainbat lagunek amaiera sinbolikoa eman zioten jaiari Santa Krutz elkartearen kanpoaldean. Ikurriña jaitsi zuten mastatik, 2023rako berriro zintzilikatzeko.