Euskararen erabilera areagotzeko "Parketarrak" egitasmoa aste honetan abiatuko da

Aiurri 2022ko maiatzaren 9a

Familiei eta haurrei euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea da helburu nagusia, eta horretarako herriko bi jolasgune nagusietan haur txoko modukoak antolatuko dituzte. Hitzorduak Goikoplazan izango dira asteartero, eta Zumea plazan asteazkenero.

Ekainaren 1a bitarte, haurrei euskaraz aritzeko eta jolasteko aukera eskainiko zaie Goikoplazan eta Zumea plazan.  Goikoplazan asteartero, eta Zumea plazan asteazkenero. Adin tarteari dagokionez, bi mailatan antolatuko dituzte hitzorduak. Udalak oharrean adierazi duenez, txiki-txikien kasuan beharrezkoa izango da gurasoen inplikazioa: "3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familien kasuan behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea". 6 eta 9 urte bitarteko txokoan, berriz, haurra bakarrik egon daiteke. Txikienen hitzordua 17:15etan hasiko da, eta 6-9 urtekoena 18:15etan. Bi kasuetan iraupena ordubetekoa izango da.

Haur guztiei zabalik

Doakoa izango da eta aurretik ez da izena eman beharko, nahikoa izango da bertaratzea. Andoaingo Udalak jolasguneetan euskararen presentzia areagotzea lortu nahi du, Parketarrak egitasmoaren bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!