[Postontzia]

Herrian lanean jarraituko dugu, auzolanean

Herri mugimenduko kideak 2022ko mai. 12a, 07:00

Santa Krutz jaiak oso kuttunak dira andoaindar guztientzat. Bezpera egunetan antzematen dira barrenean gogoa, urduritasuna, motibazioa, ilusioa… Gainera, aurtengoak, bereziak zetozen. Bi urteko geldialdi behartuaren ondoren, betiko jaiak gozatzeko aukerak denok pozten gintuen.

Jaiak badira gozamenerako parada, baina baita urtean zehar aurrera eramaten diren borroka eta aldarrikapenei bere lekua egiteko tokia ere. Denon gozamenerako auzolanean eta herritik antolatzen diren jai herrikoietan sinisten dugu. Eta hori aurrera eramateko balore batzuetan. Jai herrikoiak, inolako erasorik gabeak, gurekin ez daudenak gogoan izango ditugunak eta hainbat borrokei ere beren oihartzuna emango dienetan sinisten dugu.

Aurre prestaketetan asteak pasa ditugu: erasoen aurkako protokoloa prestatu eta eragile ezberdinekin lantzen, kaleak aldarrikapen pankarta eta kartelez betetzen… Eta gure “sorpresarako”, jai bezperan, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatutako udal gobernu taldeak goitik beherako garbiketa agintzen dute. Festetan dena garbi egon dadin, eta bereziki udal gobernariek parte hartzen duten Ikurrinaren jaitsieran gure aldarrikapen bat bera ere egon ez dadin.

Beste behin ere, argi geratzen da zeinen erraza den herri eragileekin batera sortutako protokoloaren kanpaina egin eta irrifartsu argazkia ateratzea, eta gero txosnagunea gune seguru bihurtu nahi duten “erasorik ez” pankarta guztiak kentzeko agintzea. "Han edo hemen erosi Andoainen" eta merkatarien aldeko kanpainak aurrera eraman eta Irizarren greban dauden langileen borroka isilarazten saiatzea.

Kamaren aurrean betiko aurpegia ezkutatzen jarrai dezatela batzuek. Bitartean, langileok, feministok, ikasleok, ekologistok, presoen senide eta lagunok, herrian lanean jarraituko dugu, auzolanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!