Otietako tunelean argiak jartzen ari dira

Aiurri 2022ko mai. 12a, 12:43

Argi sistema berria jartzen ari dira, eta lanek bizpahiru asteko iraupena izango dute, Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria lan-sailetik adierazi dutenez. Bitarte horretan, tunela irekita mantenduko da, nahiz eta hesiekin bidea estutu egin duten. Tunela zeharkatu nahi duten bizikleta zaleei ere oinez egiteko eskatzen zaie.

Ia 300 metroko luzera duen tunelean argia ematen zuten 16 foko egon dira urtetan, eta horietako zenbait hondatu egin dira azken aldian, bertan pilatzen den hezetasuna zela medio. Oraingo obrarekin, argiteria sistema berria jartzeko asmoa daukate, 20 fokoekin. Lehen baino argi handiagoa emango dute foko berri horiek, eta tunelaren bi sarreretan zein erdian dauden detektagailuekin pizten segiko dute.

Plazaolako bide berdeak Gipuzkoako zatian dituen tunelen artean luzeena da Otietakoa.

 

Tunelean argiteria jartzen ari dira, eta bidearen erdia hesitu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!