Eguneko Arreta Egoitza irekiko dute, adinez aurrera doazen herritarrentzat

Aiurri 2022ko mai. 13a, 13:18

Adin handikoentzat zuzendutako Eguneko Arreta Egoitza datorren astelehenean, maiatzaren 16arekin, irekiko dute, eta Anbrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen eraikineko lehen solairuan kokatuko da. “Egoitza martxan jartzea udal honek egiten duen apustu garbia da gure adin handikoek bizitza ekinzalea eta parte-hartzailea egiteko aukera izan dezaten” adierazi du Gizarte Zerbitzuetako buru den Maider Lainez alkateak. Agerraldia, bideo bidez ikusgai behean:

Lainezek erantsi duenez, “pertsona autonomoentzako edo lehen mailako mendetasuna dutenentzako baliabidea da, goizetan bertara joan daitezen, hiru ordu egunean. Egoitzan, besteak beste, euren burua zaindu, eta osasunari eusteko ariketa eta jarduerak egingo dira, baita bizkortze kognitiboak eragitekoak ere, eta, bide batez, aisia eta jolasak, besteak beste”.

Bestalde, zerbitzura hurbiltzen diren herritarrek Ibili Andoain ekintzan parte hartuko dutela esan du Lainezek. Ana Sanz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Jokin Murua Lahar elkarteko dinamizatzaileak aurkeztu dute egoitza berria, alkatearekin batera. Lahar, esku-hartze psikosoziala bultzatzen duen irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta bere kiden den Muruak, Eguneko Arreta Egoitzan egingo dituzten ekintzak zehaztu ditu, “10:00-13:00eko tartean bilduko gara, eta denbora horretan ariketa desberdinak egingo ditugu; hala nola, soinketa espezializatua (zutik, eserita, materialarekin…), estimulazio kognitiboko ariketak, prentsa irakurketa, memoria ariketak, arreta ariketak, jokoak…. Denetik piska bat. Helburua, ondo pasatuz eta elkarrekin sozializatuz beren ongizate fisiko eta psikikoa lantzea izango da”.

Zerbitzuaren kostua oso murritza, “sinbolikoa “ izango dela baieztatu dute agerraldian, euro bat edo bikoa besterik ez. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943304343 telefonora hots egin beharko da, eta Ana Sanz edo Jokin Muruaren galdera egin.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!