Gazteen alokairua diruz laguntzeko ekimena abiatzear da

Aiurri 2022ko mai. 14a, 08:38

Hirugarren urtea da laguntza-lerro hau sustatu dela Andoaingo Udaletik. Helburua gazteen emantzipazioa sustatzea da.

Lainez alkatearen eta Gizarte Zerbitzuetako buruaren ahotan, “bere kabuz bizitzen hasteko bide horretan baliabide eta bitartekoak erraztu behar dizkiegu, Andoainen euren bizitza egitasmoa osa dezaten”. Laguntza kopurua norberaren errentaren araberakoa izango da, baina gehienez ere 250 eurokoa izango da.

Maiatzaren 25ean abiatuko da ekimena, eta interesatuek ekainaren 4ra bitarteko epea dute. Ataria udaletxean bertan dagoen Udal zerbitzuan edota Andoain.eus webgunean aurkeztu behar da proposamena.

Onuraduna izan daitekeen eskatzailearen profila

  • Etxebizitza partekatzen duten 18-30 urte bitarteko gazteak.
  • Eskatzaileek ezin dute etxebizitzaren jabe izan.
  • Ezingo da familia-loturarik izan errentatzailearen eta errentariaren artean.

Etxebizitzek bete beharreko baldintzak:

Alokairuko etxebizitza Andoaingo udalerrian egon behar du. Ez dira laguntza deialdian sartuko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen errentapetzea, baldin eta logelak soilik bertan bizitzeko eskubidea sortzen badu; etxebizitza gisa erabilitako lokalak; eta Bizigune egitarauko alokairu etxebizitzak.

Kanpo geratuko dira, alokairuaren prezioa 750 eurotik gorakoa duten etxebizitzak, urtebetetik beherako errentapetze-kontratuak edota beste udal-lansail edo erakunde autonomo batzuen egitarauetara jo behar zuten eskatzaileak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!