Genero-ikuspegitik diagnostikoa abiaraziko du Udalak

Aiurri 2022ko mai. 16a, 09:56

Berdintasun Sailak partaidetza-prozesu bat jarriko du abian. Petri Romero Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, “parte-hartze prozesu horren helburua hiri-ingurunea berrikustea da, batez ere emakumeen segurtasunik ezaren ikuspegitik”. 

Berdintasun Sailetik adierazi dutenez, “prozesu honetan ez ditugu hirigintzako adituak behar, Andoainen bizitzeko esperientzia duten pertsonak baizik. Beraz, saioak beren auzoetako kaleetan bizi diren edo orduak igarotzen dituzten emakumeei zuzenduta daude, haien adina, jatorria edo bizi-baldintzak edozein direla ere”.

Gizonezkoak ere parte hartzera deituta daude, hala nahi izanez gero.

Saioak:

  • Maiatzak 24, asteartea. 18:00, Urigain. Udalerriaren azterketa, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren ikuspegietatik.
  • Maiatzak 31, asteartea. 18:00, Urigain. Udalerriaren azterketa, ongizatean, elkarbizitzan, zainketetan eta kontziliazioan oinarritua.
  • Ekainak 7, asteartea. 18:00, Urigain. Herriko hainbat espazio eta eraikin publikoen diagnostiko osoa Genero-Ikuspegitik.
  • Ekainak 14, asteartea. 18:00, Urigain. Andoainen garatuko den proiektu garrantzitsu bati ekarpenak Genero-Ikuspegitik.

Zaintza zerbitzua eskainiko da, saio bakoitzaren aurreko asteartea baino lehen eskatu beharko dena 943 300 830 edo 943 300 380 telefonora deituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!