Martin Perona kideari esker ona agertu zion Gora Kaletxiki Bandak, Orio bere jaioterrian

Aiurri 2022ko mai. 16a, 10:41

Martin Perona tuba-jolea, Gora Kaletxiki txarangako eta Lebiton konpartsako kideekin, aurtengo Santa Krutzetan

Gora Kaletxiki Bandak Martin Perona musikari oriotarrari esker oneko omena eskaini zion, bere jaioterrian, atzo. Peronak urteak daramatza Bandan tuba jotzen, eta beti jokatu izan du profesionaltasunik handienarekin, fin-fin. Karkara aldizkarian Orioko plazan atzo izandako ekitaldi hunkigarriari buruzko kronika eta argazki bilduma topa daitezke, eta baita ere Perona berari egindako elkarrizketa.

Orioko Plazan egin zen ekitaldia, eta Joxe Mari Oiartzabalek zuzendu zuen Banda. Hamar abestiez osatutako kontzertuarekin gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek: Andoain, Lau teilatu, Behin batian Loiolan, Eperra, Xalbadorren heriotzean, Orioko San Nikolasen ereserkia, Orioko futbol taldearena, Aliron, Egunsentia eta Martin Perona. Azken abesti hori igandean bertan estreinatu zuten; Joxe Mari Oiartzabalek osatu du doinua eta Joxe Ramon Berrondok jarri dizkio hitzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!