Leitzarango ibaia neurtzen duen Olazarreko aforalekura bisita egin dute

Aiurri 2022ko mai. 17a, 14:07
BaƱares, Lainez, Asensio eta Ramos Olazarreko aforalekuan

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako zuzendariak, Maider Lainez alkateak, eta Iñaki Bañares obra hidraulikoetako teknikariak Olazarreko aforalekua bisitatu dute. Bertan, teknikariak, uraren kalitatea kontrolatzen duen estazio horren gaineko azalpenak eman ditu.

Aforalekuak uraren maila eta ibaiaren emaria neurtzeko kontrol-puntuak izaten dira, jarraipen xehatua egiten dute. Estazioan ipinitako sentsoreek eta ekipoek zenbait parametro modu jarraituan neurtzen dituzte; besteak beste, tenperatura, disolbatutako oxigenoa, disolbatutako gatzak, pH, uhertasuna, nutrienteak, materia organikoa…

Gipuzkoan aforalekuen sarea 24 laginketa-puntuk osatzen dute, eta Aldundiaren menpekoak dira. Horietako bat da Leitzarango ibaian kokatzen den Olazarrekoa da.

Gaurko bisitan jakinarazi dutenez, Leitzarango aforalekuak 110 metro karratuko arroa kontrolatzen du, eta horietatik %49 Nafarroan dago, eta %51 Gipuzkoan.

Leitzaran ibaiaren ibilguaren luzera 42,5 km-koa da, Leitzatik hasi eta Olazar bitarte.

Besteak beste, aforalekuek aukera ematen dute joerak aurreikusteko era biztanleguneen eta industriaguneen uholde arriskuei aurrea hartzeko.

Olazarreko aforalekua 1995/05/02an hasi zen datu hidrologikoak erregistratzen, eta Jose Ignacio Asensiok adierazi duenez, “bildutako informazioak adierazle bikainak ematen ditu, aldaketa klimatikoak gure lurraldean dituen eraginen bilakaera ezagutzeko, izan ere, informazio hori funtsezkoa da joera sistemikoak aztertzeko ibaien emariari, uraldiari eta mailari dagokionez”.

Ramon, Lainez eta Asensio, Olazar parkean.

 

Funtzionaltasun berria, Olazarreko aforalekuan

Bestalde, Asensiok jakinarazi duenez, Olazarreko aforalekuari funtzionaltasun berri bat erantsi zaio azken aldian. Hain zuzen, Leitzarango ibaiaren iragazkortasuna neurtzeko eta balioztatzeko azterlana egin da, 2021ko urritik 2022ko otsaila bitarte. Leitzarango uretako espezieek goranzko zein beherenazko norazkoan askatasunez zirkulatu ahal izateko ibaiek duten gaitasuna hobetzea, eta horrela ibaiaren ekosistema naturala zaintzea du xede azterlan horrek.

Emaitzen arabera, aforalekua gainditzen saiatzen diren 26 amuarrainetatik 17k lortzen dute; hortaz, 65eko eraginkortasuna dagoela esan daiteke; datu hori beste zona batzuetan baino handiagoa dela ziurtatu du Asensiok. 

Maider Lainezek poza agertu du ekimenarekin, bat datorrelako “Leitzarango bailarako ekosistema naturalak eta biodibertsitatea zaintzeko eta babesteko Udalak duen borondate sendoarekin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!