Claudia Alduncin klarinete-joleak eta Amaia Zipitria piano-joleak kontzertua emango dute

Aiurri 2022ko mai. 18a, 08:36

Amaia Zipitria ibilbide oparoko musikari andoaindarra da, Donostiako Orfeoiko piano-jolea, besteak beste. Claudia Alduncin klarinete-jolea, berriz, Andoaingo Udal Musika Eskolan hezitako ikaslea da. Egun, Udal Eskolako Bandako kide da, eta Musikeneko goi ikasketak amaitzear dauzka. 

 

Hain zuzen, karrera amaierako errezitaldia jo beharko du laster, eta aurrez, Basteron kontzertua egin nahi izan du, Zipitria lagun duela. Elkarrekin, Schumann, Martinu, Widmann eta Horovitz konposatzaileen obrak interpretatuko dituzte. Errezitaldia 19:30ean hasiko da, eta doan da.

Bestalde, esan beharra dago Udal Musika Eskolako klarineteko ikasleak jendaurrean trebatzen aritu zirela Basteron, atzo. Tolosako eta Errenteriako musika eskoletako klarinete joleen aurrean jardun zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!