Gravel estiloko zaleen topaketa

Xabier Lasa 2022ko mai. 20a, 09:00

Gravel Topaketa antolatu dute larunbaterako, Andoainen.  Bizikletan ibiltzeko modalitate edo estilo berri batek hartzen du Gravel izena. Hazten ari da kirolarien kopurua azken urtetan, eta zaletuei begira antolatu dute topaketa.

Ezaugarri bereziak dituen bizikleta du oinarri estilo berri horrek: errepideko bizikleten eskuleku edo manillarra, gurpilak haienak baino zabalagoak, kuadroa arina… Azken urtetan bizikletari lotuta garatu den teknologiaz baliatzen da, dinamika arina eta azkarra lortzeko; azken batean, mendiko eta errepideko bizikleten arteko nahasketa moduko batuketa lortzeko.
Egokia da asfaltoarekin nekatu ostean, naturan barrena pista ahalik eta lauenetatik ibiltzea gogoko duten txirrindularientzat. Besteak beste, distantzia luzeak pardel askorik gainean hartu gabe bidaiatu nahi duten kirolarientzat. Horrela, filosofia bereziarekin lotzen da Gravel bizikleta: abenturazaletasunarekin, buruaskitasunarekin, erronka pertsonalarekin, tokian tokiko natura nahiz giza-inguruaz gozatzearekin… Halaber, zenbait ezaugarri eskatzen dizkio erabiltzaileari: baldintza fisiko egokiak, orientazioko irizpideen jabe izatea, bizikletaren gutxieneko mekanika menperatzea…

Topaketa, lau eremu natural batuz

Gravel estiloa maite duten zenbait andoaindar batu dira azken aldian, eta topaketa antolatzera animatu dira. Horretarako, 250 kilometroko ibilbidea diseinatu dute, eta LABA izena jarri diote ibilbideari, zeharkatuko dituen lau bailara edo parke naturalen izenekin akronimoa osatuz; hots, Leitzaran, Artikutza, Bidasoa eta Aralar. Larunbatean dute hitzordua Andoainen.

Paraje zoragarriak izateaz gain, lau naturguneetan bada elementu amankomuna: beren eremuan trenbide zaharren pistak aurkitzen dira.

Topaketarako 50 bat lagunek eman dute izena, eta Euskal Herriko bazter askotatik datoz.  Zumea plazan, larunbat goizaldean, 04:30ean jarri dute hitzordua. Arruti gozotegian kafea hartu, eta 05:00etan Leitzaran aldera abiatuko dira. Otieta bitarte, denak elkarrekin joango dira; hortik aurrera, abilitatea libre! Parte-hartzaileek dakiten bakarra, oraingoz, zein lau bailara edo parke zeharkatuko dituzten da. Egunean bertan, orduan jarriko zaie eskura GPS bidezko ibilbidearen tracka.

Ez da lehiaketa moduan planteatu eta ez da sailkapenik izango, ezta saririk banatuko ere; nork bere erritmoa eramango du, nork bere jakiak gainean…

Esperimentu gisa antolatu dute Topaketa. Gravel-aren atzean dagoen filosofiarekin bat egiten lagunak biltzea dute xede, batik bat.

Lehenbizikoek, ibilbide osoa 12 bat ordutan egin ahal izango dutela iragarri dute antolatzaileek. Hortik aurrera, 17-19 ordu egin ditzakete azkenekoek.

Antolaketa, auzolanean

Gavel zaleen topaketa auzolanean antolatu da, eta horretarako premiazkoa izan da hogei bat lagun boluntarioen parte-hartzea. Proba aurreko astetan xehetasun guztiak lotzen aritu dira, eta, larunbatean, egun osoan, irteeran eta helmugan ere bertan izango dira lanean.

Parte-hartzaileak, kirol ekipamendua ekoizten duen Alkain anaien Zaiklin enpresak egindako jantziarekin irtengo dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!