"Erlazio faltatik, ukitze falta horretatik tiraka hasi ginen Ur Bizitan muntaia berria prestatzen"

Jon Ander Ubeda 2022ko mai. 19a, 11:14

Hamar urte bete ditu Aiert Beobide donostiarrak zuzentzen duen Haatik dantza konpainiak. Saroben 'Ur bizitan’ ikuskizuna prestatu ostean, ostiral honetan Basteron zuzenean ariko dira arratsaldeko 19:00tan hasita.

Gizakiaren eta naturaren arteko oreka zail horretatik abiatuta,  "Ur bizitan" lankide askorekin batera ondutako ikuskizuna  da. Elkarrizketa Sarobe Arte Eszenikoen Gunean eginda dago, muntaiari azken ukituak ematen ari zirenean.

Hamar urte igaro dira Haatik dantza konpainia sortu zenuenetik, eta ospakizun betean zaudete ikuskizun berriarekin. Konpainiak badu iragana, oraina ere bai... Ibilbidea osatu eta gero etorkizuna duen taldea da? Ala funanbulistarena egiten jarraitu beharra dago ogibide honetan?

Azken bi urteotan ikasi dugun bezala, pentsa dezagun egunean egunekoan. Eta, asko jota, astebetera. Datorrena bere kabuz iritsiko da. Guretzat, atzera begiratze txiki bat egin eta gauzak egin ditugula jabetzeko unea da. Joan gara pixkanaka ikasten lanbide honetan, eta gustura gaude. Familiak sendo egoten jarraitzen du eta nik uste dut konpainiak etorkizuna baduela, hamar urte horiek bultzada ematen dizutelako. Zertxobait errazten da lana. Dagoeneko nor zaren badakite eta konpainiaren izena aipatzearekin identifikatzeko gai da jendea. Eta horrek lana errazten du asko. Bidean, gainera, lagun asko egin dituzu: programatzaileak, teknikariak, dantzariak, musikariak... Mundu honetan, gainerako guztien artean, barruan gaudela sentitzen gara.

Familia aipatu duzu. Konpainiako kideak ia-ia familiakoak bezala hartzen dituzulako?

Pandemiak gauza txar asko ekarri dizkigu, eta onak ez dakit baten bat. Garai hartan, elkarrekin aritzeko aukera izaten genuenean, dantzari bezala beteta sentitzen ginen. Dantza egiteak lortzen zuen hori. "Eskerrak dantza dugun", esaten genuen, dantzak bizitzari gogoz ekiteko arrazoia ematen digulako. Badira bizitzaz gozatzeko beste modu batzuk: bidaiatzea, lagunekin ibiltzea... Gu jabetzen ginen dantzak ematen zigula bizipoza. Horrek gugan familia moduko izaera izatea lortu du.

Sarobe arte eszenikoen gunean gaude. Muntaia berria hemen prestatzen ari zarete. Zenbat ikuskizun prestatu dira hemen, zenbat amets... Eta, era berean, hainbat buruhauste. Ur bizitan muntaia, berez, noiz hasi zen mamitzen? Zure buruan hasiko zen lehenik, ezta?

Ditxosozko pandemia horretara itzuliko naiz. Hor hasi zen guztia. Berria Aretoa delakoan bideoa egin genuen, garai hartan. Gauza asko egiteko gogoa genuen. Pentsatzen hasi ginen: zer egin genezakeen, non gauden... Pandemia denoi hausnarketa hori egiteko baliagarria izan zitzaigun, non gauden eta zer nahi dugun pentsatzeko. Hausnarketa hartan, duela bi urte, gure arteko erlazio faltatik, ukitze falta horretatik tiraka hasi ginen. Era berean, natura berpizten hasi zen pandemia garaian gizakiok ez genuelako hainbeste kontaminatzen. Horretatik guztiorretatik iritsi ginen Txurriategi baserrira.

Jarrai dezagun Txurriategi baserriaz hizketan.

Dantza ikuskizunean hizpide dugun gaiaren abiapuntua da. Gure senide batzuek Martuteneko leku zoragarri batean zuten Txurriategi baserria. Donostiako amaiera da, Astigarragara iristen, errekaren ondoan dagoen landa eremua. Baserri erraldoia, ederra, lekua izugarria da. Duela gutxi, kanoaz zeharkatu dut Urumea, eta esan dezaket edonori gomendatzeko moduko plana dela. Ez dago turismoak jota, eta zinez ederra da.

Urumeako autobide berrian inguru hura zeharkatzen dugu. Inguru hartan, gainera, norabide ezberdinetan ateratzen diren errepide ugari dago. Scalextric modukoa da. Han behean badira baratze batzuk. Han bizi zen jendea, baserriak zeuden... Sekulako bizitza zegoen. Gure senide batzuk Txurriategi baserrian jaio ziren. Erreka dena zen eurentzat. Animaliek bertatik edaten zuten, han garbitzen zuten baratzean ateratako guztia... Hernanialdean paper-fabrikak iritsi ziren arte. Industrializazioak hauen bizitza konplikatu zuen, eta baita hirigintza mailako beste erabaki batzuk ere. XV. mendeko baserria zaindu ezinik geratu ziren. Baserri hura utzi eta errekaldetik urrunago zegoen Antxume baserrira joan ziren bizitzera. Sei-zazpi urte egin zituzten bertan, hirigintzako teknikariren batek bere bulegotik baserri horren gainean marratxoa egin eta baserria desjabetu zuelako. Hirugarrenean, Astigarragako etxebizitza batera joan ziren bizitzera.

Ez Txurriategi, ezta Antxume ere.

Ez bata, ez bestea. Etxebizitza bat, kale batean. Adinean gora doaz, ondo daudela diote. Baina kontua da ez dela euren erabakia izan. Hortik abiatu zen gure muntaia berria.

Gizakiaren eta naturaren arteko oreka zintzoari buruzko hausnarketa bat dela adierazi duzue.

Hori da. Arazo potoloaren aurrean gaude. Garapen ekonomikoaren gurpila mantentzeko naturaren suntsipena beharrezkoa da? Galdetu diogu geure buruari, errealitate horrekin topo egin dugulako. Bihotzetik eta gertutik heldu diogu, garrantzi handikoa dena guretzat.

Zenbat lagun igoko zarete taula gainera?

Bost dantzari eta hiru musikari egongo dira taula gainean. Formatu txikiko ikuskizunetan beti faltan igarri izan dugu zuzeneko musika. Pascal Gaignerekin egin genuen lan, 2016an. Hau ere etxekoa da. Gozamena izan da berarekin lan egitea. Musikak toki batera eramaten gaitu. Eta, gure kasuan, geuk jarri genion gaia Pascal Gaigneri. Eta zuzeneko musikariak beharko genituela ere esan genion. Bere konfiantzazko hiru musikari proposatu dizkigu: Iñaki Diegez akordeoilaria, ezagutzen ez duenarentzat, Cirque du Soleil konpainian ibilitakoa da; Javier Perez Pascalekin soinu banda askotan parte hartu duen piano jolea da; eta hirugarrena, perkusioan aritzen dena, Manu Gaigne da. Pascalen eta Olatzen semea da, nire iloba.

Familia, zentzurik zabalenean. Ez bakarrik dantzariengatik aipatu duzunagatik, baizik eta kide batzuk familiakoak dituzulako.

Pandemiagatik egin ezin izan ditugun familiako bazkari horiengatik guztiengatik, emanaldiaren ondoren elkarrekin afaltzeko aukera dugu orain.

Konpainia batean, normalean, protagonismo guztia zuzendariak hartu ohi du. Baina nabarmendu beharrekoa da dantzarien lana. Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Nagore Zabala... Luxua da zurekiko erakusten duten leialtasun hori.

Horietako asko niri ikasleak izan dira, eta orain, nire ondoan daude. Urte hauetan guztietan iraun badugu eta horrelako saltsa batean sartzeko ausardia izan badut –edo badugu–, haiei esker da, haiek hor daudelako. Dantzari izugarriak dira, konpainian sartu zirenetik garapen handia izan dute.

Arteak beti zerbait iradoki behar du, aldarrikatu behar du.

Ez dut uste sortzaile guztiek gizartearen hausnarketa bat egin behar dutenik, baina uste dut lan guztiek badutela arrazoi edo sorburu bat. Eta horrek eramaten zaitu hausnarketa egitera. Emakumeaz, gure historiaz...  Zein lan egin eta zer sortu nahi dugun aukeratzeko zortea dugunontzat pisuzkoa da zerk mugitzen gaituen antzematea. Mugitzen gaituzte, edonor bezala, gure gizartean gertatzen diren gauzek, ikusten ditugun problemek... Dantzaren bidez horri buruz hitz egitea oso kanal interesgarria da. Sentitzeko beste modu bat da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!