[ARGAZKIAK ETA BIDEOAK ALBISTEAN]

Istripu ikusgarria Kaletxikin, Urnietatik abiada bizian zetorren gidari batek eraginda

Aiurri 2022ko mai. 19a, 17:26

Arratsaldeko 15:00rak zirenean istripu ikusgarria gertatu da Gudarien etorbidearen amaiera eta Ama Kandida etorbidearen hasiera bereizten dituen biribilgunean. Urnieta aldetik abiadura bizian zetorren auto batek aurretik eraman ditu hainbat ibilgailu, eta aparkatuta zeuden beste batzurengan ere txikizioa eragin du. 

Bertan izan diren lekukoentzat eta ondoren handik igarotzen ari zirenei begien aurrean zuten panorama sinestea kosta egiten zitzaien. Tren geltokiaren ondoan banaketara bideratutako ibilgailu bat bazterrak jota, eta Kaletxiki aldera kotxe bat txikituta, beste bat belardian botata eta beste zenbait ibilgailu kolpatuta.

Suhiltzaileen parte hartzea behar izan da gidari bat ibilgailu batetik ateratzeko. Etxebizitzarik ez dagoen lursailean amaitu duen ibilgailua da istripua eragin duena. Gidaria barruan geratu da atera ezinik eta lekukoen arabera, tarteka konortzea galtzen zuen. Suhiltzaileek atera behar izan dute ibilgailutik, eta berehala artatu dute. 

Istripura, gainera, Udaltzaingoa iritsi da lehenik eta ondoren Ertzaintza. Arratsaldeak aurrera egin ahala, aurrera jarraitzen zuen Ertzaintzaren ikerketak.

Andoaingoa ez denarentzat, Kaletxikiko istripuan bertan haur ikastetxe bat dago eta bertako joan-etorrian familia ugari igarotzen da astean zehar.

Lekuko batek istripua gertatu eta berehala bidalitako irudiak

Argazkia: Enekoitz Telleria.

Urnietatik zetorren gidariak bazterrera bota du auto zuria.

Argazkia: Enekoitz Telleria.

Aparkatutako bi autok kolpe handi samara jaso dute. Belardian eta errekatxoaren gainean dagoen ibilgailuko gidaria ateratzeko suhiltzaileen laguntza behar izan da.

Ertzaintza gertaera ikertzen ari da

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!