Andoainek final laurdenetara jauzi egin du Alegiari irabazita Herriartekoan

Aiurri 2022ko mai. 22a, 10:11

Andoainek berriro ere hiru partidetatik bi irabazi zituen, eta, beraz, final laurdenetara jauzi egin du. Hurrengo partida, Hernaniren aurka jokatu beharko du. 

Lehen partida Beñat Salbador eta Eneko Uria kadeteek jokatu zuten. Hasiera batean, aise irabazten hasi ziren, alde handiarekin, baina azken txanpan kadeteen urduritasunak kalte egin eta aurkariek tanto ugari egin zituzten. Azkenean, 19-22 amaitu zen partida. 

Bigarren partida, Eneko Beloki eta Joseba Beroz jubenilek jokatu zuten. Norgehiagoka osoan zehar andoaindarrak aurretik joan ziren, arazo askorik gabe. Beroz defentsa lanetan bikain aritu zen, eta Belokik, ohi bezala, pilotakada indartsuekin min handia egin zuen (13-22).

Azken partida, Imanol Usandizaga eta Aritz Eskudero seniorrek jokatu zuten, baina aurkariak nabarmenki gailendu ziren (22-7). Nabarmendu beharra dago, emaitzak ez duela islatzen partidaren gogortasuna, izan ere, Usandizagak lan handia eta bikaina egin zuen defentsan. Eskuderok, aldiz, tanto eder pare bat egin zituen lehen koadroetan.

Datozen asteetan Hernaniren aurka jokatu beharko dute andoaindarrekj, lan handia egin eta maila ona erakutsi beharko dute irabazteko eta finalerdietara igarotzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!