Udalaren eta Salkinen arteko hitzarmen berria

Aiurri 2022ko mai. 23a, 11:15

Mari Jose Izagirre arloko zinegotziak eta Maite Ramos Salkineko presidenteak hitzarmena sinatu dute, elkarteari jarraipena eta estaldura eman asmoz. Agerraldi berean bonoen kanpaina berria iragarri dute, ekainerako.

Izagirre zinegotziaren beraren hitzetan, “Koronabirusaren osasun-krisiak areagotu egin ditu merkataritzaren, ostalaritzaren eta tokiko zerbitzuen sektorearen biziraupenerako zailtasunak, eta testuinguru horretan, Udalak eta SALKINek beharrezkotzat jo dute saltoki txikiak eta ostalaritza babestea eta indartzea. Hitzarmen honen bidez, Udalaren beraren eta elkartearen arteko harremanak egonkorragoak izatea bermatzen da”.

HAN EDO HEMEN, EROSI ANDOAINEN

Bonuen bi kanpaina berri egingo dira 2022an. Lehenengo kanpaina ekainean zehar egingo da, eta 50 euroko balioa duten 2.000 bonu banatuko dira SALKINen lokalean, 25 euroren truke. Bigarren kanpaina abenduan egingo da, hain zuzen ere, Gabonetan tokiko kontsumoa sustatzeko. Ekimenak 100.000 euroko zuzeneko gastua aktibatuko du herriko denda, taberna eta jatetxeetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!