Herriarteko Pala Goma txapelketan kanporaketa zaila du Andoainek, Astigarragaren aurka

Aiurri 2022ko mai. 24a, 10:05

Andoainek joaneko partidak jokatu zituen Astigarragaren aurka, final zortzirenetan. Arrate pilotalekuan jokatu zuten arren,partida bakarra irabazi zuten soilik, tanteo zailarekin. 

Banaka, frontoi osoan, Josu Echeverriak galdu egin zuen Salaberriaren aurka (16-20). Partidua une batzuetan berdindua izan bazen ere, astigarragarra nagusi izan zen, ia beti markagailuan aurretik joanda. Amaieran tartea apur bat estutzea lortu zuen etxekoak.

Bigarren partidan, binakakoan, Mikel Agirre eta Imanol Borrerok galdu egin zuen Astigarragako Txoperena-Zubiarrain bikotearen aurka (6-20). Oso seguru jokatu zuten Astigarragakoek eta etxekoek ezin izan zuten deus egin.

Azken partidan, Julen Loidik partidu latza jokatu zuen Ganix Urdangarinen aurka, baita irabazi ere. Astigarragako aurrelari gaztea oso bizi atera zen eta asko estutu zuen andoaindarra. Hala ere, tantoa amaitzerako orduan gehiagotan asmatu zuen Loidik, tanto ikusgarriak eginez.

Hurrengo astean Astigarragan izango dute itzulekoa larunbat goizean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!