Errenteriako Musika Bandak Gora Kaletxiki Banda gogoan hartu zuen

Aiurri 2022ko mai. 24a, 19:39

Ibañez, Mitxelena, Oiartzabal eta Berrondo, Errenterian

Errenteriako Musika Bandak Musikaste programaren baitan igandean eskaini zuen kontzertuan, keinu berezia egin zion Andoaingo Gora Kaletxiki Bandari. Horrela, Mokoroa, Aragues eta Euskal Herriko beste zenbait konposatzaileen obrekin batera, Joxe Mari Oiartzabalen "Gora Kaletxiki" pieza jo zuten.

Koldo Mitxelena ikastetxean egin zen kontzertua amaitu ostean, Errenteriako Bandako zuzendari den Aitor Mitxelenak Oiartzabal eta Gora Kaletxiki Bandako beste bi kide, Jesus Ibañez eta Joxeramon Berrondo oholtzara gonbidatu zituen, ikusleen txaloak jaso zitzaten.

Aspaldikoa da Errenteriako Bandaren eta Gora Kaletxiki Bandaren arteko harremana; urrutira gabe, Errenteriako hainbat musikarik parte hartu zuten 2014an, Andoaingo herriaren sorreraren 400. urteurrena zela eta herriko elkarteen abestiekin argitaratu zen diskoaren grabaketan. Disko hartan, "Gora Kaletxiki" topa daiteke, beste hainbatekin batera.

Gora Kaletxiki Bandak ekainaren 11rako jarrita dauka hitzordua, Andoaingo musika zaleentzat. Izan ere, Basteron, kontzertu berezia eskainiko du, Hogar Extremeñorekin elkarlanean. Bertan, Joxe Mari Oiartzabalek azken urtetan sortu dituen zenbait pieza estreinatuko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!