Sapa eta Aperribay familia ikertzen dituen liburua

Xabier Lasa 2022ko mai. 26a, 12:45

Liburua aurkeztu duen kolektiboak aurkezpena egin zuen Koldo Mitxelenan.

"La Sapa de los Aperribay. La Guerra Empieza Aquí"  liburua kaleratu du AntimilitaristakEH kolektiboak. Begiak Andoaingo enpresan jarrita, “gerrarako euskal industriaren funtzionamendua biluztu” nahi dutela adierazi dute egileek. 

Euskal Herriko hamaika taldek osatzen dute AntimilitaristakEH kolektiboa: Armiarma Talde Feminista Antimilitarista, Bake-ekintza Antimilitarista, Bardenas Libres, Bilboko KEM-MOC, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Gerrarik Ez Eibar, Jaizkibel Militarrek Gabe, Kakitzat, Iruñeko KEM-MOC/Alternativa Antimilitarista, eta, La Guerra Empieza Aqui/Gerra Hemen Hasten Da. Liburua Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean eta Kaxilda liburudendan aurkeztu zuten, maiatzaren 21ean. Bi ekitaldietan kolektiboko Patxi Azparrenek eta Antonio Escalantek hartu zuten hitza.

Zergatik Sapa aztergai?

Aurkezpen ekitaldietan esan zutenez, liburua irakurtzera animatzen den irakurleak, atalez atal, “SAPAren ekoizpena, esportazioak, jasotako diru-laguntzak, enpresaburuen eta politikarien arteko harremanak eta ekonomikoki mantendu ahal izateko erabilitako bitartekoak eta kasu arraroak” aurkituko ditu. Egileek adierazi zutenez, Euskal Herrian, egun, ehun bat enpresa daude armagintzara lotuak. Hortaz, zergatik ikertu espreski Sapa? Aitortu zuten hainbat arrazoi pilatu zaizkiela horretako.

“Euskal industria militarraren barne-muinetan sartu nahi izan dugu, eta guztiak ordezka zitzakeen SAPA enpresa hautatu genuen, besteak beste, estatuko zaharrenetakoa delako, eta Euskal Herriko sektoreko ehun enpresetatik bakarra delako ekoizpen guztia militarismora bideratzen duena. Gainera, SAPA pittin bat ikertzen hasita, berehala sortzen zaizu galdera, misterioz betea: hots, nazioarteko heriotzaren merkatarien unibertso beldurgarri horretan, non, handiak txikiak irensten dituzten, nola da posible bizi-irauteaz gain, hazten joatea gaitasun finantzario txikia daukan enpresa bat? Behin galdera hori eginda, ezinbestean, gogoa pizten zaizu sakontzeko zeintzuk diren bere estrategiak, zer nolako influentziak erabiltzen dituen...”.

Behin azter-lanari ekinda, agudo, aho zabalik geratu zirela gehitu zuten egileek, batik bat, ohartzean SAPAk zer nolako harremanak –pribilegiozkoak– dauzkan botere handiekin eta era eta kolore guztietako erakunde publikoekin. “Eta hori, kontuan izanda gure ikerketa ez dela iritsi guztia jakitera, zati bakar bat baizik ez. Aperribay familia kontziente da daukan botereaz, badaki zenbateko babesa eta inpunitatea eskaintzen zaion, eta, nahi duena lortzeko orduan, tarteka, berdin zaio manerak ez zaintzea eta zabarki jokatzea”.

Informazioa, publikoa

Egileek ziurtatu zuten soilik publikoa den informazioaz baliatu direla, “ez dugu espioitza lanik egin, edo ezkutuko elkarrizketarik egin. Den-dena informazio publikoa da, eskura dagoena; informazio guztiaren zenbait zati medio digitaletan argitaratu da, baina ez dute oihartzunik eduki”.

Liburuaren azala.

 

SAPAri buruzko zenbait datu

Liburuak, batik bat, harrobien sektoretik zetorren Joaquin Aperribay Elosua Debako enpresariak SAPA 1985ean bereganatu zuenetik gaur arteko historia azaltzen du.

Ezeren aurretik, Donostiako aurkezpenean, azken urtetako SAPAri buruzko aurreneko erretratatua marraztu zuten, oinarrizko hainbat datuen eskutik: “1985ean, Soraluze eta Andoainen planta bana zituen SAPA desagertzeko zorian zegoen, eta orduan gertatu zen esku aldaketa jabetzan. Egun, Andoainen kokatzen da bere planta bakarra, 140 langilerekin. Aparte, beste 60 bat administrazio eta ingeniari ere baditu, eta horiek, batik bat, bere inguruan sortu dituen egoitza fisikorik gabeko hogeitik gora sozietateen plantillak osatzen dituzte. Grupo SAPA osatzen dute Andoaingo plantak eta sozietate horiek. Aitaren ondoren, Ibon eta Jokin semeak heldu ziren, eta azken urtetan, familiako kide ugari (ilobak, bilobak…) ari dira hainbat lanpostu kubritzen”.

Ekoizpenari dagokionez, “Pizarro eta Leopard borrokarako ibilgailu blindatuen edo artilleriarako osagaiak ekoizten ditu, eta, lurreko ejertzitoaren VCR 8x8 programan murgilduta dabil. Hori dena salmenta zuzenari dagokio. Eta aparte, ez genuke ahantzi behar produkzioaren mantenua; hain zuzen, mantenuaren atal horrek ekoizpenak baino negozio handiagoa eragiten dio SAPAri. Ofizialki, munduko honako herrialdeentzat ekoizten du: Alemania, Arabia Saudi, Argentina, Egipto, AEB, Grezia, Jordania, India, Oman, Suedia, Suitza, Taiwan eta Turkia. Bestalde, liburuan, hain legezkoak ez diren balizko esportazioak ere aipatzen ditugu”.

Erantsi zutenez, SAPAk, urtero, 30-40 milioiko salmentak lortzen ditu, eta horietatik irabaziak, berriz, laupabost milioi lirateke.

“Lortzaileen” ezinbesteko lana

Bere administrazio kontseiluan gobernuarekin (Defentsa ministerioa batez ere), politikagintzarekin edo armagintzarekin lotura bereziak dauzkaten pertsonak ipintzea da SAPAren zutabe estrategikoetako bat, liburuaren egileen iritziz: “Horiek “lortzaile” gisa funtzionatzen dute, ateak irekitzen dizkiote. SAPAn lehendik ere egonak ziren Calonge eta Carrion familia-sagak daude kontseilu horretan, hasteko”.

Dena den, eta zehaztu zutenez, lehenbiziko urtetan, Gabriel Peña Aranda izan zen SAPAren “lortzaile”rik nagusiena, 2002an hil zen arte. Peña Aranda RTVEko zuzendaria izan zen Suarezen garaian, eta baita ekoizpen militarreko ingeniaria eta zuzendaria Industria Institutu Nazionalean defentsako arloan ere.

“Azken bi hamarkadetan, bere tokia Pedro Morenes bizkaitarrak hartu du”. Morenes Aznar eta Rajoyren gobernuetan defentsa ministroa izan zen 2011-2016 epean, eta AEBetan Espainiako enbaxadore 2017-2018an.

Era horretan, SAPAk, Defentsa ministeriotik hamarkadetan irabazitako hainbat adjudikazio, lehiaketa eta abar “modu misteriotsuan” irabazi dituela ziurtatu zuten egileek.

“Kasu arraroak”

SAPAren gainean “kasu arraro” mordoa topatu dutela adierazi zuten. Horietako batek enpresak bere memorietan aitortzen duen zorrekin du zerikusia: “enpresa berak 20 milioi euroko zorrak dituela aitortzen du sozietatean gaineko zerga dela eta, baina, aldi berean, lehiaketak irabazten eta diru laguntza publikoak lortzen jarraitu izan du. Kontraesankorra izan behar luke hori, izan ere, bi iturri horiek lortzeko legeak zergen kontuan egunean egotea eskatzen du. Zaila da ulertzen, ez bada faborezko tratua ezartzen zaiola...”.

SAPAk Soraluze eta Andoaingo udalekin edukitako kudeaketa urbanistikoarekin lotu zituzten beste kasu “arraro” horietako bi. “2000ko hasieran, Soraluzeko Udalari lantegia handitu nahi zuela jakinarazi zion, eta horretarako egitasmoa finantziatu beharra zeukala. Horrela, zera proposatu zion: bere lursailak berkalifikatu eta lurzoru urbanizagarria deklaratzea, eta, modu berean, trukean, berari beste lursaila ematea. Soraluzeko udal teknikariek hori hein batean ez zela posible ebatzi zuten. Gauzak horrela, SAPAk Soraluzeko enpresa itxi eta bertatik aldegitea erabaki zuen; orduko alkatearen eta langileen hitzetan, mendeku hutsa izan zen”.

Liburuaren egileen esanetan, segidan, SAPAk Andoaingo Udalari antzeko planteamendua egin zion. “Bere lur sailak berkalifikatzea planteatu, eta lortu zuen 2006an, hitzarmen baten bidez, Udalak Hiri-antolamenduko Plan Orokorra alda zezan. Era horretan, asko gabe, SAPAk planta zaharra itxi eta Antzizuko Industrigunean berria irekiko du, operazioarekin azpikeria edo 'pelotazo' urbanistiko ikaragarria lortuz”.

Andoaingo kudeaketa ondo atera zitzaiola ikusita, berriro Soraluzen jarri omen zituen begiak SAPAk. “Bere sozietate baten eskutik, Andoainen erabilitako antzeko formula proposatu zion Udalari, esanez bere lur-saila bitan zati zitekeela, batean, hark ekipamendu publikoak eraikitzeko, eta, bestean, SAPAk etxebizitzen promozioa egiteko. Eta gezurra badirudi ere, hori dena posible egiteko, Udalak, 2015ean, Hiri-antolamenduko Plan Orokorra alda dezan lortu zuen”.


Lanpostuen “mitoa”

Donostiako aurkezpen bikoitzean ziurtatu zutenez, mugimendu antimilitaristak ez du aldarrikatzen armagintzako enpresak ixtea. “Alternatibarik egokiena enpresa horiek berregituratu eta izaera zibileko ekoizpenera bideratzea” dela uste dute.

Alde horretatik, SAPAren adibidea gogorarazi zuten argudio hori indartzeko. “Bere historian erakutsi izan du ekoizpen zibilerako gaitasuna –eskarmentua, azpiegitura, makinaria…– badaukala, ehungintzaren, automozioaren edo trenbideen sektoreetan, batik bat. Are gehiago, 90eko hamarkadaren hondarrean, ehungintzaren ekoizpenak militarrarenak baino irabazi handiagoak eman zizkion. Kontua da zuzendaritzak sekula ez duela benetako apustua egin horren alde. Zertarako egin, baina, armagintzan egundoko irabaziak lortzeaz gain, pribilegioak ziurtatuta baldin badauzkate, kontratuak hatzez ematen badizkiote, eta beraz, merkatuan lehiatu beharrik gabe joka badezake? Izan ere, publizitaterik gabeko lehiaketa negoziatuak izaten dira nagusi mundu horretan; enpresa bat gonbidatzen dute lehiaketan parte hartzera, eta zuzenean kontratua eskura jartzen diote. Horiei bost axola ekoizten dituzten armak gero munduan zehar pertsonak hiltzeko erabiltzen badituzte ere…”.

Lanpostuak eta aberastasuna sortzearen “mitoa” hautsi behar dela ere azpimarratu zuten Donostian. “SAPAk 800 langile inguru eduki zituen 50eko hamarkadan. Hortik aurrera, ordea, jaisten joan da kopurua, hamarkadaz hamarkada, 200era iritsiz”.


Desmilitarizazioa, mezu nagusia

La Sapa de los Aperribay. La Guerra Empieza Aquí liburua kaleratuz batera, AntimilitaristaEH kolektiboak mezu argia zabaldu nahi izan du: “Desmilitarizaziorantz jo behar dugula adierazten diogu irmoki euskal jendarteari, armagintzaren sektorea deuseztatu behar dugu. Izan ere, munduko gerrei oposiziorik eraginkorrena, horiek ez pizten ahalegintzea da. Eta, horretarako, galarazi beharra dago enpresek armak ekoiztu, eta horiekin negozioa egin dezaten; geuk, geure inguruan, eragin dezakegu eginkizun horretan. Ukrainako gerra jada ez dugu eragotziko, baina etorkizunean, armen ekoizpenari kito esaten badiogu, gehiago ez da izango herrialdeen arteko gatazka armaturik!”.

Desmilitarizazioa utopia egingarria dela aldarrikatzen dute, eta, atzera begira jarrita, badute adibiderik horri eusteko: “80ko hamarkadan, gazte zarpa-zikin batzuen kontua bilakatu zen ezetz esatea soldaduskari. Baina hamar-hamabost urteren buruan, gizarteko sektore handi bat kontzientziatzea lortu zuten, eta baita soldaduskaren abolizioa ere!”.

 

Liburua atalez atal

  • Aperribay familia SAPAn eta armagintzan esku hartzea, eta bere inguruko kontratu eta diru laguntza publikoen “lortzaileak”.
  • Grupo SAPAren osaketa, gaur egun: sozietateak, sozietate akziodunak,…
  • Armagintzako beste enpresa, enpresa-talde edo partzuergoetan akzioen jabetza.
  • Ekoizpen militarraren zerrenda (Pizarro eta Leopard borrokarako ibilgailu blindatuak, artilleriarako osagaiak, lurreko ejertzitoaren VCR 8x8 programa…).
  • Esportazioak, ofizialak zein hain legezkoak ez diren balizkoak.
  • Kontratu eta diru laguntza publikoak.
  • Kasu arraroak”; hala nola, Andoaingo zein Soraluzeko Udalekin egindako hitzarmen urbanistikoak, Gipuzkoako Aldundiarekin milioi askotako zorrak, erakunde publikoek eskainitako kreditu aldaketa mesedegarriak, Hiriko auto elektrikoa…
  • SAPAren oraina eta etorkizuna: bere inbertsioak eta armagintzako beste enpresen akzioen erosketak…

Liburua salgai: Andoain: Ernaitza. Donostia: Kaxilda, Hontza. Prezioa: 10 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!