"Zure izena eliteko korrikalarien artean ikustea oso berezia da"

Mikel Arberas 2022ko mai. 27a, 09:30

Oier Escudero gazteak lehen aldiz parte hartuko du Zegama-Aizkorri mendi-maratoian.

Kilometro bertikalean eta junior lasterketan lehiatu du, baina aurtengoa maratoia egingo duen lehen aldia izango da.

Nola sentitzen zara lasterketarako egun gutxi falta direnean?

Nire lehen Zegama-Aizkorri da. 2020ko zozketan izena eman nuen, baina, pandemia medio, guztia bertan behera geratu edo atzeratu egin zen. Zorionez bi urteren ostean, lehen lasterketa honetan parte hartzeko aukera izango dut. Aitortu behar dut, oraintxe bertan, oso urduri nagoela. Presio handia dut lasterketa ondo egin nahi dudalako eta, entrenatzeko garaian, helburu batzuk ezarri nituelako. Espero dut, mementoaz eta lasterketaz gozatzea galaraziko didan ezer ez jazotzea.

Azken aste hauetan asko entrenatzen ari al zara? Eta dieta? Eguneroko errutina?

Abenduan lesio bat izan nuen eta, beraz, otsailera bitarte ezin izan nuen asko entrenatu. Dena den, azken bi hilabeteetan, asko entrenatu dut, nahiz eta, azken asteetan lasaiago ibili naizen lasterketara fresko eta deskantsatua iristeko. Errutina zehatz bat egiten saiatzen naiz, betiere nire mugak errespetatuz eta azken egunetako nire urduritasunak ahalik eta ondoen kudeatuz.

Zer da zuretzat, Kilian, Kortazar edota Egea bezalakoekin lehiatzea eta lasterketa berdinean parte hartzea?

Izugarria da Zegama-Aizkorrin parte hartuko duten eliteko korrikalariekin lehiatu ahal izatea! Berezia da ere, zure izena eliteko korrikalari horien zerrendan egotea. Gozatzen saiatuko naiz eta emaitza politena lortzea izango dut xede, egindako lanaren erakusle.

Zegama-Aizkorri alde batetik oso ezaguna egin da duen afizioagatik. Nolakoa espero duzu?

Egia esan, afizionatu gisa, maiz joan naiz Aizkorrira. Badakit zein den bertako giroa eta zer datorkidan. Hala ere, korrikalari moduan ez dut sekula parte hartu. Zirraragarria izango dela pentsatzen dut.

Nola aurreikusten duzu lasterketa eta zein da zure helburua?

Ez dakit nolakoa izango den. Etxekolanak ondo egin ditudala pentsatzen dut, oso ondo entrenatzeko aukera eduki dut; hala eta guztiz ere, igandean ikusiko da nolakoa osatzen dudan, beste hainbat faktore baitaude lasterketan eragiten dutenak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!