Emanaldi solidarioa aurkeztu dute

Xabier Lasa 2022ko mai. 28a, 09:00

Gora Kaletxiki Bandak eta Hogar Extremeño elkarteak gaixotasun neuromuskularrak jasaten dituzten pertsonen aldeko kontzertu solidarioa iragarri dute. Ekainaren 11n izango da, eguerdiko 12:30ean hasita. 80 musikari igoko dira taula gainera.

Kontzertua Los Euskaros talde mitikoaren, Hernaniko Doinu Zale musika eskolako eta Ozenki Abesbatzako lau kantarien, Gora Kaletxiki Bandaren eta Urkiko kideen partaidetzarekin aberastuko da. 80 bat musikari igoko dira oholtzara, guztira.

Martxoan kontzertuarekin lotutako lehen agerraldia egin zuten, eta jian den asteratean, bigarrengo aurkezpena egin zuten Hogar Extremeño elkartean. Bertan, Gora Kaletxikiko ordezkariek, Hogar Extremeñoko presidente Belen Morenok eta GENE elkarteko presidente den Puy Arrutik eta kide den Asun Garciak kontzertuari buruzko hainbat xehetasun jakinarazi zituzten. Garciak aitortu zuen bi arrazoiengatik zegoela pozik eta harro; batetik, hainbat kulturgile GENE elkartearen alde batu direlako, eta bestetik, maila pertsonalagoan, bere izena daraman abestia sortu duelako Oiartzabalek, eta Basteroko kontzertuan estreinatuko delako. Puy Arrutik, berriz, kontzertuaren bultzatzaileei eta Andoaingo herriari eskerrak eman zizkien “gure errealitatea ezagutarazten eta ikusgarri egiten laguntzeagatik”.

 

Hainbat abesti estreinatuko dira

Kontzertua Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduko du, eta errepertorio anitzak osatuko du. Azken urtetan musikariak berak sortutako Ama, Asun Garcia eta Beti Hor Zaude abestiak estreinatuko dituzte. Mikaela Etxeberria, Loli Barrizas, Amaia Santana eta Irati Jauregi abeslariek interpretatuko dituzte kantu berri horiek.

Hogar Extremeño elkarteak eta Extremadurako kantutegiak bere tokia hartuko dute kontzertuan; izan ere, lurralde hartan errotuta dauden El emigrante, El candil eta beste zenbait doinuekin Sustraiak han eta hemen izenburuko suite bat sortu du Oiartzabalek.

Bestalde, XX. mendeko 70 eta 80ko hamarkadetan dantzaldietan famatuak egin zen Euskaros euskal taldeak ere ziurtatu du partaidetza Basteroko kontzertu solidarioan. Talde hartako lau kide igoko dira oholtzara: Rafa Erentxun (teklatua), Eugenio Perez de Lazarraga (bateria), Roberto Alvarez (gitarra eta ahotsa) eta Joxe Mari Oiartzabal (gitarra, tronpeta eta ahotsa).

Euskaros taldea aitzindaria izan zen plazetako dantzaldietan euskaraz kantatzeko orduan. 1972an, lehen postua eskuratu zuen euskal musikagintzan egiten zen zerrendan, Dana polita udaran kantarekin. Taldeak bere sorreraren 50. urteurrena ospatzen du aurten.

 

GENE elkartea

Martxoko agerraldian, GENEko kide den Andoni Goitiak elkartean zein jende mota elkartzen den zehaztu zuen, “Eritasun genetikoak, progresiboak eta degeneratiboak jasaten dituzten gipuzkoarren topagunea da GENE elkartea. Bere kideek genetan sortzen den mutazio batek eragindako gaixotasuna daukagu. Normalki, hereditarioak izaten dira mutazio horiek, eta baita ere, progresiboak, pixkanaka gehiagora joaten direlako, eta degeneratiboak, gorputzeko fakultateak galtzen doazelako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!