"M ama* eme* ume" liburua aurkeztuko dute Martin Ugalde parkean

Aiurri 2022ko eka. 2a, 10:33
Iturria: Anboto

"M ama* eme* ume*" du izena Estitxu Fernandez Maritxalar kazetariak eta Erika Lagoma Pombar bertsolariak argitaratu berri duten liburuak. Hori horrela, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izango dira gaur, iluntzeko 19:00etan, obraren nondik norakoez jarduteko. Bertan, autoreekin batera, Alaine Agirre idazlea egongo da dinamizatzaile-lanetan.  

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute "M ama* eme* ume*" liburua, hamahiru lekukotasun jasoz, hamaika amaren eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak…

Haurdunaldia, erditzea, erdiondoa, umearen zaintza… Tradizioz emakumeei egokitu zaizkien eginkizunak dira denak ere, batzuk biologiaren indarrez, beste batzuk gizartearen antolamenduaren ondorioz. Amatasuna instituzio gisa emakumezkoen autonomiarako muga, haien garapenerako traba eta askatasunerako oztopo izanik ere, ezin da ukatu, era berean, haur bat mundura ekartzea, bere zailtasun, min eta neke guztiekin ere, esperientzia guztiz eder eta zirraragarria dela emakume askorentzat, edo hala izan litekeela eta izan beharko lukeela, behintzat, inguruak (gizarteak, komunitateak, legeek) lagunduz gero.

Martin Ugalde kultur parkearen areto nagusian egingo da mahai ingurua, eta, ondorioz, entzuleek aukera izango dute solasaldia bertatik bertara ikusteko.
 
Etxetik ikusi nahi duenak zuzenean ikusteko aukera izango du, Berriako atarian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!